«Izan garenari eutsiko diogu, baina zentratuago egongo gara orain»

Kronika - Erredakzioa 2014ko ira. 6a, 02:00

Astigarragako Herri Eskolak hasi du bere ibilbidea, eskola
independente moduan. Itsaso Alkorta izango da zuzendaria eta Amaia Astigarraga ikasketa burua.

Astigarragak bere eskola propioa izango du ikasturte honetatik aurrera. Orain arte, Arantzazuko Ama Ikastolaren parte izan den eskola honek bere ibilbideari ekingo dio Astigarragako Herri Eskola gisa. Arantzazuko Amak Martutenen eta Astigarragan zituen egoitzak lehen, eta orain, Martutenekoak bakarrik osatuko du Ikastola. Bakoitzak, bere zuzendaritza, irakasleak, langileak, ikasleak eta guraso elkartea izango ditu, beraz.
Ibilbide berri honi ekiteko, Itsaso Alkorta izango da zuzendaria eta Amaia Astigarraga, ikasketa burua. Alkorta zuzendari izan da 15 urtez Arantza­zuko Aman eta Astigarraga Haur Hezkuntzako irakasle izan da Astigarragan, 5 ikasturtetan. Proiektu berriari go­goz heldu diote: «Ilusioare­kin gaude, bai. Erronka berri bat da guretzat», dio Astigarra­gak.

«Dena eskolan izango dugu orain eta zentratuta egoteak aukera emango digu hezkuntza proiektuan sakontzeko»

Arantzazuko Amako zuzendaria, berriz, Nagore Zubillaga izango da, orain arte Martu­teneko ikasketa burua izan dena; eta Ines Arreitunandia, ikasketa burua izango da.
Ibilbide berri honen aurrean, eskola ereduaz eta erronkei buruz aritu da Kronika Itsaso Alkorta zuzendariarekin.

Ze onurak ekarriko ditu eskola propioa izateak?
Herrian gehiago zentratzeko aukera emango digu honek. Dena eskolan izango dugu orain eta zentratuta egoteak aukera emango digu hezkun­tza proiektua behar bezala ga­ra­tzeko eta sakontzeko. Lehen aholkularia edo zuzendaria batzuetan hemen zegoen, beste batzuetan Martute­nen... Giza baliabideak irabazi ditugu. Asko nabarituko dugu de­nok: ikasleek, gurasoek, guk...
Eguneroko lanean, funtzionamenduan izango du eragina aldaketak; gainontzean, ez. Lehen ere hemen matrikulatzen zirenek hemen ikasten zuten eta orain ere berdina izango da. Alde horretatik, gurasoek eta haurrek ez dute ezer nabarituko. Eta Aran­tzazuko Amarekin harremana mantenduko da DBHren bidez. Hitzarmen bat dugu hiru ikastetxeen artean. Arantzazu­ko Amako DBH mailak, Astiga­rragako eta Martuteneko Lehen Hezkuntzako bi ikaste­txeetako ikasleak hartuko ditu.

Irakasleetan edo lanpostuetan izango du eragina?
Irakasle kopuruan ez da aldaketarik izan. Denera, 41 irakasle ariko gara Astigarragan eta lehendik ere hemen ari zirenak gehienak. Martutenetik 5 etorri dira. Hori bai, 5 lanpostu berri sortu dira banaketarekin, orokorrean. Bost lanaldi oso irabazi ditugu eta hori pozgarria da. Giza baliabide gehiago dugu orain eta hori ona da bai honerako, bai Arantzazuko Amarako.

Nolako eskola eredua bultzatuko duzue?
Orain arte izan garenari eutsiko diogu. Alde horretatik ez da al­da­keta haundirik izango, baina, esan bezala, zentratuago egongo gara. Herriaren errealitate sozioekonomiko eta linguistikora hobeto egokituko gara.
Gure erdua honakoa da: Euskalduna, euskal kultura eta hizkuntza bultzatuko dituena, herrian inplikatuko dena, anitza, iritzi guztiak errespetatuz, berritzailea arlo pedagogikoan, akonfesionala… Hain zuzen, bere ingurune sozioekonomikoan txertatua dagoen eskola herritarra, herriko eragileekin eta taldeekin elkarlanean aritzen dena.
Beti saiatu izan gara eredu hori bultzatzen eta ikasturte honetatik aurrera, oraindik gehiago. Herrian zentratuta egoteak elkarlan hori gehiago estutzea ekarriko du.

Ze erronka ditu eskolak?
Aurtengo urtea, behintzat, egoera berrira egokitzeko urtea izango da. Pixkanaka gure hezkuntza proiektua martxan jartzeko urtea.
Horrez gain, matrikulazioa haunditzen doa eta horri lotuta, eskolaren haunditzea izango dugu. Lanak ikasturte honetan zehar egingo dira eta datorren urtetik aurrera, 6 gela berri izango ditugu, jangela bat, balioanitzeko gela... Egia esan, oso oso pozik gaude. Badakigu Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ahalegin haundia egin dutela Astigarragako behar hau asetzeko, baina benetan beharrezkoa zen.
Aurten 542 haur matrikulatu dira Astigarragako herri eskolan eta horietatik 69 haur ditugu bi urtekoak, berriak. Dato­rren urtean ere kopuru horiekin ibiliko gara. Erroldaren %85-90 bertan matrikulatzen da. Beharrezkoa da haunditzea.

Asko eragingo al dizuete aurten obrek?
Kiroldegiko eraikinean dugu jangela eta hara joateko, obrei erreparatu beharko diegu. Horrez gain, bertako aterpea ere kendu egin dute. Espero dugu aurten euri askorik ez egitea! Eta noski, zarata. Baina azkenean, badakigu ze helburutarako den eta elkarbizitzen asmatuko dugu.

LOMCE legea ere, hemen dugu. Ze eragin izango du eskolan?
Bai, LOMCE indarrean dago dagoeneko eta hainbat arlo akademikori eragingo die, hasteko. Alde batetik, Inguru­nea­ren ezaguera asignaturari. Desagertu egingo da eta berriz, giza zien­tziak eta natur zientziatan banatuko dute. Hori horrela izango dela azaldu dute, baina ez dute behar bezala zehaztu. Gainera, Inguru­nea berriz bi arlotan banatzea umeentzat ez dela batere egokia uste dugu. Bestetik, asignatura berri bat sortu dute: Gizarte eta hiritar balioak. Lehen Hezkun­tza guztian eman behar da. Eta oraindik ez dakigu zer den! Legea indarrean dago, baina dena zehaztu gabe.

«Aurten 542 haur matrikulatu dira Astigarragako eskolan eta 69 haur bi urtekoak dira, berriak. Datorren urtean ere kopuru horiekin ibiliko gara. Beharrezkoa zen haunditzea»


Horrez gain, 3garren mailako ikasleei, froga bat edo ebaluazio bat egingo zaie. Emaitzek ez dute eraginik izango, orientatiboak bakarrik izango omen dira, baina hala ere, ez dugu ulertzen zertarako egin behar den ebaluaketa hori. Hasteko, aldaketa horiek, eta pixkanaka gehiago etorriko dira.

Astigarragako eskola, legearen aurka agertu izan da.
Argi geratu da Astigarragako eskola komunitate osoa lege honen aurka dagoela, bai onartu aurretik eta baita onartu eta indarrean jarri ondoren ere. Hori horrela, konpromisoa hartu dugu LOMCEren eraginari aurre egiteko. Astigarragako Herri Eskolan konpromisoa hartu dugu gure eskola eredua defenditzeko.

«Astigarragako eskola komunitate osoa LOMCEren aurka dago eta konpromisoa hartu dugu eraginari aurre egiteko»

Lehen aipatu duzu eskola euskaldunaren alde egiten duzuela. Horri lotuta, .eus domeinua jartzen
aitzindarietako bat izan da Astigarragako eskola.

Egia esan, garrantzitsua iruditu zitzaigun ekimen horren parte izatea eta gainera, momentuak kointziditu zigun. Eskolako webgune berria martxan jartzeko domeinu bat behar genuen eta aldi berean .eus domeinua jartzeko aukera heldu zitzaigun. Ez genuen zalantzarik izan.
Esan bezala, gure eskolaren izaera euskalduna da eta guretzat berri pozgarria izan zen .eus domeinuaren sorreraren datekin bat etortzea, gure webgunearen domeinua .eus izatea aukera ezin hobea bai­tzen hasiera-hasieratik gure balore hauek agerian uzteko.
Hemendik aurrera, Astigarragakoa www.astieskola.eus helbidea izango da. Laster izango da martxan.

Zuek dagoeneko hasi zarete lanean. Haurrak, berriz, astelehenean hasiko dira eskolan. Guztia prest?
Horretan gabiltza buru-belarri. Astelehenean hasiko dira ikasle gehienak (473). Bi urteko ikasle berriak, berriz, (69) ostegunean hasiko dira. Bi urteko ikasleen kopurua hain altua izanik pixkatxo bat beranduago hasiko dira hauei harrera egokia egin diezaiegun eta aurreneko egunetan adaptazio prozesua izango dutelako, alegia, gurasoekin batera etorriko direlako eskolara egokitu bitartean.
Eta asteartean, ongi-etorri festa antolatu dugu. Jolasto­kian aterpe berria dugunez, estreinatzeko aprobetxatuko dugu. Goizeko 11:00etatik aurrera izango da. Ikasle guztiei eskatuko diegu, ikasturte berriari eskatzen diotena adierazteko. Globoetan sartuko dituzte desio horiek eta aireratu egingo dituzte. Dantzatzeko tartea ere izango da.

Aterpe berria, eta eskola haunditzen
Udan zehar, Udalak aterpea egin du jolastokian. Proiektu osoak, Ikastolako jolastokiko 600 m2 tapatzea aurreikusten du, eta oraingoz, 264 m2ko aterpea egin dute, gutxi gorabehera saskibaloi kantxako azalera. Aterpearen beste zatiak aurrerago egingo dira. Aterpea, egur laminatuzkoa eta polikarbonatozkoa da.
Bestalde, eskola haunditzeko lanak laster hasiko dira. Urria inguruan izan liteke. Udala proiektu definitiboaren zain dago eta hori zehaztean, lehiaketa konbokatuko da obren adjudikazioa egiteko. Orain, aurrelan batzuk egiten ari dira, guztia prest izateko: txikien jolastokiko estalkia kendu, lurrak mugitu... Abuztuan hasi ziren. 2015-2016 ikasturterako, eraikin berria prest egotea aurreikusten dute. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak jarri dute dirua proiektua egin ahal izateko.
Eraikin berria, eraikin zaharrari pegatuta egingo da, txikien jolastokian. Bi pisu izango ditu, eta besteak beste: 6 ikasgela berri (orain artekoak baino haundixeagoak), Lehen Hezkuntzako ikasleen jangela (kiroldegiko jangela bertara eramango da, kiroldegian espazio berri bat utziz), erabilera anitzeko gela bat (antzerkirako, dantzarako, laborategia...), komunak eta estalitako jolasgune berri bat. Herriaren behar batzuei eran-tzuteko ere balioko du, erabilera anitzeko gela eta estalitako gune berria herritarrei irekiak izango baitira, besteak beste. 6 gela berriekin, Astigarragako eskolak 31 gela izango ditu eta maila guztietan 3garren lerroa jartzeko aukera izango da, hau da, 3 gela.
Hurrengo pausoa, DBHko institutua izan liteke. Udalak lurra erreserbatua dauka eta Aldundiaren onarpenaren zain dago.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!