«Kurtsoa hasi dugu, eta defentsak indartzeko beharra sentitzen da, normalean», diote Ttilin Ttolon dendan. «Sintoma nabariena izaten da sentitzea animoz baju gabiltzala. Horrelako kasuetarako, propoleoa edo erregina-jalea hartzea izaten da onena; iturririk onena erlea da».
Hala ere, dena ez du egiten hartzen dugun produktu horrek. «Ondo bizi garela sinistu behar da. Jarrerak eta inguruak eragin haundia dute gugan. Txarrena da norbera bere egoeraz ez konturatzea. Non eta nola zauden konturatu behar duzu, aurrera egiteko».
Umeen defentsak indartu
Jende asko defentsak indartzeko bitamina bila etortzen zaie dendara. Batez ere, umeen kasuan. «Umeena berezia da. Normalean, eskolan hasterako defentsak igo nahi izaten dituzte, katarroak eta antzekoak ez harrapatzeko. Askotan amak etortzen dira, eta histerikoak direla pentsatzen dugu, baina, noski, gutxi aldatu dira gauzak! Normalean umeen eta etxe guztiaren kargu emakumeak egiten dira oraindik!».
«Udazkenean jendearen animoa ez da hainbeste jaitsiko»
«Udazken atsegina izango dugula uste dut»
Udazkenaren etorrerak ere eragina izaten du jende askorengan. «Baina ikusita zer nolako udara izan dugun, esperantza daukat iraila eta urria onak izango direla, eta igual, jendea animoz ez da hainbesteko jaitsiko». Horrela ez bada, gomendio gehiago izango dira.