«Zortea dugu, bi herri baitauzkagu»

Kronika - Erredakzioa 2014ko ira. 6a, 02:00

Valentzianoak dira Sapiña-Galdeano anai-arrebak. Eta hernaniarrak ere badira. Aitona eta ama Hernanin jaio ziren, baina Gerra Zibilaren ondoren Valentziara egin behar izan zuten alde. Ez zuten, ordea, sekula ahaztu non zituzten sustraiak. Horri esker, hernaniar sentitzen dira haien ondorengoak. Urtero etortzen dira beren bigarren etxera Lucia eta Jose Igancio.

Galdeano zuten aitona; Txomin Galdeano Gonzalez, hernaniarra. Amona, berriz, Tolosatik etorritakoa: Lucia Arrospide Aranburu. Kale Nagusian bizi ziren, gaur egun Labe Txiki okindegia dagoen horren gainean, eta karkabara ematen zien etxeak. «Ikaztegia zuten, eta herriko lehenengo prentsa negozioa», gogoratzen du Lucia Sapiña Galdeanok, haien bilobak.
Hori, eta beste hamaika gauza gogoratzen dituzte Sapiña-Galdeano anai-arrebek. Izan ere, Valentzian jaio dira, baina Hernanirekin lotura haundia izan dute txiki-txikitatik. Valentzianoak deitzen diete askok herrian. «Hau ere gure lurra da, bestea bezala. Zortea daukagu, bi herri baitauzkagu», dio Jose Igancio Sapiña Galdeanok.

«Desengainatuta egin zuten alde Valentziara»
Gerra aurretik Hernanin bizi ziren Txomin Galdeano eta Lucia Arrospide. Hauen alaba  Milagros ere bertan jaio zen; Sapiña-Galdeano anai-arreben ama.
«Gorriak ziren. Bi-hiru ka­mioi zituzten, eta Errepubli­kari utzi zizkioten. Ondorioz, gure aitona Andaluziako kon­tzentrazio-esparru batean egon zen preso. Handik atera eta bueltan etortzean, dena lapurtu ziotela ikusi zuen. Orduan, gelditzen zitzaizkienak saldu eta Valentziara egin zuten alde, arreba bat baitzuten han, monja. Desengaina­tuta eta egoera txarrean egin zuten alde Valentziara. Gure amak, Milak, 12-13 bat urte izango zituen orduan, eta bai bera eta baita ahizpa ere Hernaniren falta sumatuz bizi izan dira beti».
Hain zuzen, horri esker egin dira Hernanin ezagunak valentzianoak; urtero etorri baitira denbora bat herrian pasatzera. «Aita Valentziakoa zen. Ama eta biak ezkontzean, ezkon-bidaian Hernanira etorri ziren. Gu ere umetatik etorri izan gara udara hemen pasatzera hemengo familiarekin, Pipiritara. Bertan egoten ginen, Santa Barbara auzoko etxea erosi zuten arte».

Hernaniarren amonak
Amaren banku kuttunean eserita aritu dira oroitzapenez hiz­ketan. «Ez dira oroitzapenak», diote, «baizik eta gure bizipenak. Urtero etorri gara Hernanira».
Santa Barbara auzoko etxeen aurrean dagoen banku horretan bertan egoten omen zen ama, Mila, Anttoni lagunarekin. «Guk ere ordu asko  pasatu ditugu hemen, istorio eta anekdotak entzuten. Nola joaten ziren errekara erropa garbitzera, aitonaren kontuak... Euskara ere ikasi dugu etxean, eta giro euskalduna maitatzen erakutsi digute. Familiarteko giro oso polita bizi izan dugu hemen; bankuan, gaztainondoaren azpian pasatzen genuen udara. Auzo­ko bizipoza sortzen zutenak ziren, saltsa, elkargunea. Au­zo­ko amak ziren, hernaniarren amonak».
Bankua bera, eta Hernani, oso garrantzitsuak ziren amarentzat. «Ama­ren­tzako hau pa­ra­disua zen, eta lagun batek esaten zion hemen geldituko zela azkenean. Halaxe izan zen. Valentzian bizi arren, ur­tean 4 bat hilabete pasatzen zi­tuzten hemen gurasoek, behin jubilatuta. Hemen hil zen, eta hemen dago lurperatuta».

«Ez dira oroitzapenak, baizik eta gure bizipenak; urtero etorri gara Hernanira».
«Naturarekin kontaktuan egotea... Hau magikoa zen guretzat. Paradisua!».

Hernani = natura
Giroaz eta familia eta lagunen konpainiaz gain, bada beste gauza bat asko maite dutena: natura eta hemengo paisaiak.
«Santa Barbara auzora etorri baino lehen, lehengusuen etxera joaten ginen, Pipiritako baserrira. Behiak zeuden... Oso dibertigarria zen! Eta koloretako karakolak ere bai! Natu­ra­rekin kontaktuan egotea... Hau magikoa zen guretzat. Para­di­sua! Karakolekin karrerak egiten genituen, jaten ematen genien olloei... Gero, hemengo berdetasuna... Eta Kontxako hondartzara joan eta urak hotza ematea! Udara desberdina zen hemen. Gero, igandetan irteerak egiten genituen: Santa Barbarara asko joaten ginen, eta paella egiten genuen! Eta Oriora, Getariara, Urbasara, mantzanilla hartzera...».
Natura, eta batez ere, ber­de­tasuna dira, hain zuzen, li­luratzen dituena. «Zuek ez zare­te konturatzen, baina loreak eta belarra nola ateratzen diren ikustea, eta hemen dagoen hezetasuna...». Lagunei ere trans­mititu diete lilura hori. «Valentziatik etorritako lagunei asko gustatu zaizkie he­men­go gastronomia, paisaia, jendea... Oso sinpatikoa dela ikus­tean harritu egin dira! Ikusi dute oso ondo bizitzen dela hemen, bizi-kalitatea al­tua dela, tenperatura zoragarria egiten duela... Askotan ez di­ra gai ulertzeko hemengo ber­detasuna belarra dela, naturala, eta ez Valentziako jardinetan jartzen den zelaia edo cesped delakoa!».
Baina Valentziako gauza asko ere maite dituzte, hura ere beren lurra baita: «Valen­tzia ezagutzea ere gomenda­tzen dugu. Bada Euskal Herria eta mediterraneoaren arteko halako lotura bat; izan ere, ba­te­ko eta besteko jendea asko joa­ten baita hara eta hona. Ho­ri bai, udaran ez joatea gomen­da­tuko genuke! Hori beroa! Pai­saje aldetik baditu ezaugarri propio batzuk: baratzak, na­ranja arbolak, itsasoa... Bere­ziki, Valentziako neguko argia da zoragarria; Sorollak margotu zuen argi berezi hori».

«Beti eramaten ditugu Kronikako ale batzuk eta Hernaniko Urtekaria; euskera praktikatzeko balio digute».

Etxeko hizkuntzak, hiru
Valentzian bizi arren, giro euskaldunean hazi direla aitor­tzen dute anai-arrebek. Ho­rrela, euskara ere ikasi dutela diote; Luciak gehixeago, Jose Ignaciok baino.
«Valentziako euskal etxean 2 talde daude, euskaraz aritzeko, eta bertan elkartzen gara eus­kara sentitzen dugunok.  Saia­tzen gara irakurtzen eta... ez dakigu 4 hitz baino askoz gehiago, baina! Hori bai: beti eramaten ditugu Kronikako ale batzuk, eta bertako lagunek bidaltzen digute Hernaniko Ur­te­karia. Praktikatzeko balio di­gu­te. Aurten, adibidez, Portu­ko fes­tetako gehigarria ere era­man­go dugu, Valentzian irakur dezaten eta hemengo giroa no­lakoa den erakusteko. Izu­garri gustatzen zaigu asto karrera, eta ez dugu sekula galtzen! Argazkiren batean ere atera izan gara Kronikan, noizbait».
Euskeraz anai-arrebek bai­no zertxobait gehixeago egiten duena Jose Manuel Guevara da, Lucia Sapiñaren bikotea. «Batetik, Euskadi beti izan da erreferente bat jende ezkertiarrarentzako, eta bestetik, beti interesatu izan zait euskera».
Hirurek ezagutzen dituzte ondo hizkuntzen eta irakaskun­tzaren mundua, eta Valentzian egoera desberdina dela irudi­tzen zaie. «Han valentzianoz hitz egiten dugu, baina hirian gutxi hitz egiten da. Bestalde, eskoletan orain arte dena valentzianoz egiten zen, baina hemendik aurrera hiru hizkuntzako modeloa jarriko da martxan. Era berean, valentzianoz argitaratzen den prentsarik ez dago, zegoen telebista bakarra itxi egin zen... Unibertsitatean bai, baina gainontzean... Ez da za­bal­kunde haundirik egiten».

«Ahaztu nahi ez izana»
Udara Hernanin pasa eta Valentziara itzuli dira dagoeneko, baina itzuliko dira. «Ahaztu nahi ez izanari esker ikasi dugu hau maitatzen, eta engantxatuta gaude».

Galdeano-Polain, Gipuzkoako txapeldun
Argazki kuttun bat gordetzen dute Hernaniko etxean, opari jaso zutena: aitona Galdeano eta bere pelotako bikotearena, Polain.

Hernaniko Udaleko artxi­bo­an argazki gutxi dago, gerra au­rreko pelotariena. Baina garai hartako argazki bat badute Sapiña-Galdeano anai-arrebek, oso modu kuttunean gordetzen dutena. Bertan agertzen dira aitona Galdeano eta Polain.
«Bikote ziren. Ez dakigu oso ondo afizionatu mailan edo mai­la altuagoan edo, baina amak kontatzen zuen Gi­puz­koako txapeldun izan zirela».
Hernaniko oroitzapen onak bazituen aitonak. Baina txarrak ere bai, eta ho­rre­ga­tik, ez zuela etorri nahi izaten kontatzen dute bilo­bek: «ai­to­nak ez zuen etorri nahi iza­ten. Kosta egin zitzaion, baina etortzea onar­tu zue­ne­an, oso emozio­nantea izan zen». 70eko hamarkada ingu­ru­an etorri zen. «Kale Nagu­si­an as­kok egiten zioten ohiu: Gal­deano Hernanira itzuli da!».

«Aitonari kosta egin zitzaion, baina etortzea onartu zuenean, oso emozionantea izan zen. Kale Nagusian askok egiten zioten ohiu: Galdeano Hernanira itzuli da!».

«Lehenengo euskaldunen ondorengoak gara!»
Igorin-Akolako estazio megalitikora egin dute aurten ibilaldi bat, eta ondoren, Alkatxuingo artamugarria ikusi zuten.

Amaren lagun haundia zen Anttoni, eta haren familia­re­kin harreman oso ona man­tentzen dute. Hain zuzen, Anttoniren bilobak, Iñaki Sanz Azkuek gidatutako ibilaldi bat ekarri nahi izan dute gogora.

«Ibilaldi zoragarria!»
Urtero egiten dute desku­brimenduren bat, eta aurten, Larregainetik aurrera egin eta Akolako lepoan izan dira, Igorin-Akolako cromlech edo estazio megalitikoa ikusten. «Iñakik azalpenak eman ziz­kigun, eta orduantxe kontu­ra­tu ginen: lehenengo eus­kaldunen ondorengoak ga­ra!», diote barrez. «Ibilaldi zo­­ragarria izan zen!».
Estazio megalitikoaz gain, eremu horietako geologiak ezkutatzen duenaren berri izan zuten, Sanz Azkue­ren es­ku­tik: «Hernanin bada­go mu­ga kurioso bat, geolo­giaren ikus­pegitik. Aiako Ha­rria bu­ka­tzen den horretan, Epeletik Ereñotzura, dagoen geologia on­darea eta Herna­ni­koa dife­ren­teak dira. Nik ez dakit as­ko­rik, baina orain dela 300 mi­­la milioi urte itsasoa ze­goen hemen. Ez zegoen Euskal He­­rririk, itsa­soan mu­gi­men­du sismi­ko­ak izan ziren arte. Ondorioz, irla mo­duko bat sortu zen: egungo Her­nani, Goi­zueta, Lesaka, Bor­tziriak hartuko lituz­ke­ena. Era be­rean, orain 120 mila milioi ur­te klima tro­pikala zegoen he­men. Horri eta itsaso maila al­­tu­ari esker, arrezife korala sor­tu zen. Maila jaitsi ze­nean, be­rriz, arrezife hori kareharri bi­hurtu zen; Santa Barbara da, arre­zife koral horren ha­si­e­ra».

Alkatxuingo artamugarria
Ibilaldiaren bigarren zatian Alkatxuinen izan ziren, ha­maiketakoa egiten, eta bertan dagoen artamugarria ere ikusi zuten. Honek erakusten du non dagoen sarobe deitzen zaion antzinako eremu li­brearen erdialdea, eta bertan agertzen diren marrek era­­­­-kus­ten dute eremu horren mu­gak non dauden. yy

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!