Iritsi da ordua udarako oporrei agur esan eta ikasturte berriari hasiera emateko. Urumea bailarako haur-eskola eta ikastetxe gehienetan, astelehenean hasiko dira klaseak. Hala ere, gaztetxoenek egokitzapen prozesua egiteko epe bat izaten dute, gurasoekin batean, eta ondorioz, ikasturtea hasteko denbora gehixeago emango zaie.
Guztira, 3.500dik gora haur eta gazte daude matrikulatuta Hernani, Ereñotzu, Astigarraga eta Goizuetako haur-eskola eta ikastetxeetan, haur-hezkuntzan, lehenengo eta bigarren hezkuntzan eta batxilergoan. Horiez gain, Hernaniko Transpacarren eta CEPA helduen alfabetatze eskolan beste 240 ikasle daude matrikulatuta.
Hernanin, 3.170 ikasle, 9 zentrotan
Bederatzi dira, guztira, Hernanin ikasteko dauden zentroak: Haur Eskola, Elizatxo ikastola, Inmakulada ikastetxea, Langile ikastola, Txirrita ikastetxea, Urumea ikastola, Hernani Institutua, Transpacar eta CEPA. Horietan guztietan, 3.170 ikasle daude, aurrematrikula datuei erreparatuz gero (behin ikasturtea hasita datu hauek aldatu daitezke zertxobait).
Ikasle gehien haur eta lehenengo hezkuntzan daude: 1.962, hain zuzen. Haur Eskolan, 91 ume hasiko dira; 35, zero eta urtebete artekoen gelan, eta 71, bat eta bi urtekoen gelan. Inmakulada ikastetxean ere bada 0-2 urte artekoen gela; bertan, 13 ikasle hasiko dira.
Gainontzean, haur-hezkuntzan (5 urte arte) 279 ikasle daude Langilen; 184, Urumean; 182, Elizatxon; 80, Inmakuladan; eta 29 Txirritan.
Lehenengo hezkuntzan, berriz, 508 ikasle daude Langilen; 273, Urumean; 211 Elizatxon; 105, Inmakuladan; eta 20, Txirritan.
Bestalde, bigarren hezkuntzan 553 ikasle daude Hernani Institutuan, D ereduan, eta 86 ikasle Inmakuladan, B ereduan. Batxilergoa egiten 204 ikasle ariko dira Institutuan, Erdi Mailako zikloetan, 31, eta Goi Mailakoetan, 94. Inmakuladan ere badira Erdi Mailako zikloetako ikasleak; 50.
Azkenik, Transpacarreko ikastaroetan 26 matrikula egin dira, eta helduen alfabetatze zentroan, 214.
«Astigarragako Herri Eskola berriak 542 ikaslerekin hasiko du ikasturtea; horietatik 69 bi urteko gelako ikasle berriak dira».
«Goizuetako Andres Narbarte Xalto eskolan 78 ikasle izango dituzte ikasturte honetan; horietatik 17 dira aranoarrak».
Astigarragako Herri Eskola berrian, 542 ikasle
Aurtengo ikasturtea izango da Astigarragako Herri Eskolarentzako lehenengoa. Izan ere, 45 urteko ibilbidearen ondoren, Martuteneko Arantzazuko Ama Ikastolatik banandu egin da, funtzionamendua eta kudeaketa errazte aldera.
Ikasturte berria astelehenean hasiko dute ikasle gehienek. Guztira, 542 ikaslerekin ekingo dio ibilbideari Herri Eskolak. Horietatik 69 izango dira berriak, hau da, bi urtekoen gelakoak. Hauek beranduxeago hasiko dute ikasturtea, harrera egokia egiteko eta egokitzapen prozesua egingo dutelako.
Bestalde, hazkunde prozesua ez da bukatu, eta eraikina haunditzeko lanek jarraitu egingo dute ikasturte osoan zehar. Hala ere, jolastokian egindako aterpea erabiltzeko moduan dago, dagoeneko.
Goizuetarrak eta aranoarrak Xalto eskolan
Aranon ez dago eskolarik, eta bertako haur eta gaztetxoak Goizuetako Andres Narbarte Xalto eskolara joaten dira, normalean. Aurten ere halaxe egingo dute, eta urtero bezala, autobus zerbitzua izango dute egunero, Aranotik Goizuetarako joan-etorria egin ahal izateko.
Goizuetako eskola horretan 3 urterekin hasten dira ikasleak, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailara arte ikasteko aukera dago bertan. Behin ikasturte hori gaindituta, Leitzara edo Hernanira joaten dira ikasle gehienak.
Aurten, guztira 78 ikasle izango ditu Xalto eskolak. Horietatik, 17 izango dira aranoarrak, eta gainontzekoak, 61, goizuetarrak.
Ikasle berriak 6 izango dira aurten, eta beraz, lehengo urtean baino bi ikasle gehiago izango dira aurtengo kurtsoan. Izan ere, pasa den ikasturte honetan 4 izan dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila gainditu eta eskola utzi dutenak.
Goizuetan ere, klaseak astelehenean hasiko dituzte.
Hernani
- Haur Eskola: 91 ikasle.
- Haur eta lehen hezkuntza:
l Langile: 787 ikasle.
l Urumea: 457 ikasle.
l Elizatxo: 393 ikasle.
l Inmakulada: 185 ikasle.
l Txirrita: 49 ikasle.
- Bigarren hezkuntza, batxilergoa eta Zikloak:
l Hernani Institutua: 882.
l Inmakulada: 136 ikasle.
- Transpacar: 26 ikasle.
- CEPA: 214 ikasle.
Astigarragako Herri Eskola
- Ikasle berriak (2 urte): 69.
- Gainontzekoak: 473.
- Guztira: 542 ikasle.
Goizuetako Andres Narbarte Xalto eskola
- Guztira: 78 ikasle.
- Aranoarrak: 17.
- Goizuetarrak: 61.
- Matrikula berriak: 6.