Helduentzako eskolan zabalik dute ikasturte berrirako matrikulazio garaia. Antziolako egoitzan ematen dituzte klaseak eta 18 urtetik gorako herritarrei daude zuzenduta.
Eskaintza zabala dute, norberaren beharrei egokitutakoa. Besteak beste, Bigarren Hezkuntzako graduatua ateratzeko aukera dago. Hizkuntzek ere badute tartea: euskera, ingelesa eta gaztelerako klaseak ematen dituzte. Ordenagailu eta internet munduan hasi nahi dutenek ere badute aukera, informatika klaseak jasoz gero.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren menpe dago Hernaniko zentroa. Matrikula debalde da, eta irakasleak titulatuak dira, espezializatuak. Ikasturtea bi lauhilekotan dute antolatuta: irailetik otsailera eta otsailetik ekainera. Ordutegia zabala da: goizez, arratsaldez eta gauez.
Matrikula egin nahi dutenek orain dute garaia. Bi aukera dituzte: Antziolako egoitzara jo edo 943 33 53 18 telefonora deitu.