Hiru txapela etxera, tartean Antiguakoa

Kronika - Erredakzioa 2014ko ira. 3a, 02:00

Ioritz Arrietak lortu zuen inportanteena, Antiaguko Txapelketan.
Patxi Montes txapelketan jantzi zituzten beste biak Salaberria eta Arizmendik, eta Urkizu eta Lizeagak.

ASTEBURU borobila izan da pasa berri dena, Hernaniko pelotarientzat. Lau final haun­di jokatu dituzte, eta hi­ru txapelekin itzuli dira etxera. Ioritz Arrietak Antiguako txapelketa irabazi du; eta Patxi Montes txapelketa Salaberria eta Arizmendik, eta Urkizu eta Lizeagak.

Ioritz Arrieta jaun eta jabe, Antiguan
Sona eta ospe haundia du Antiguako txapelketak eta irabaztea da edozein pelotariren ametsa eta helburua. Joan den igandean jokatu zen finala, eta aurrez aurre izan ziren bi hernaniar: Ioritz Arrieta eta Eneko Aizpitarte. Bietako batek izan behar zuen garaile, eta Arrietak jantzi zuen txapela, azken edizio honetan. Ioritz Arrietak Zizurkilgo Jon Erasunekin jokatu zuen, eta 22-9 irabazi zuten Eneko Aizpitarte eta Eneko La­ba­karen kontra.
Partidua berdindua joan zen 9-8ra arte. Maila bere­tsuan ari ziren lau pelotariak; irabazi baino tantu gehiago galtzen ordea. Par­tiduari beste bide bat eman nahi, eta bi besoak astintzen hasi zen Arrieta hernaniarra. Joko eta erritmo haundia jarri zuen; atzean, Erasunen laguntza erabatekoa izan zen.  
Bi bikoteen arteko zuloa haundituz joan zen. Arrieta eta Erasunek 11 tantu egin zituzten segidan, 22ra iritsi arte. Azken emaitza beraz, 22-9koa izan zen. Ioritz Arrieta partiduko pelotari onena izendatu zuten.

Partiduari beste erritmo bat eman nahi eta besoak astintzen hasi zen Arrieta hernaniarra. 22ra iritsi bitartean, Nagusi izan zen pelotalekuan

Infantil eta seniorretan, nagusi
Patxi Montes Txapelketa larunbatean jokatu zen, Donostiako Trinitate plazan. Hernaniko sei pelotarik jokatu zuten. Bi txapela izan ziren, lortutako emaitza.
Alebinetan ezin izan zuten Insausti eta Apaolazak. 16-7 galdu zuten Ariztia eta Ballarenaren kontra. Nafa­rrak nagusi ziren fisikoki, eta aise gailendu ziren.
Infantiletan iritsi zen hernaniarren aurreneko txapela. Xabier Salaberriak eta Garikoitz Arizmendik  18-11 irabazi zuten Olarra eta Alda­zabalen kontra. Bikote hernaniarrak serio ekin zion partiduari, eta atzelaria gehiago izan zen peloteoan; aurrelariak ondo erantzun zien Ola­rraren erasoei.
Eta seniorretan jaun eta jabe izan ziren Iñigo Urkizu eta Markel Lizeaga. 22-9 irabazi zuten Lertxundi eta Ga­la­rra­ga bikotearen kontra. Orioko bikoteak ez zuen maila onena jokatu eta hernaniarrak na­gusi izan ziren aurreneko tantutik. Atzelariak agindu zuen atzeko koadroetan, eta Urkizu aurrelariak dizdiratsu bukatu zituen tantuak.

Hernaniko pelotariek denboraldia hasi berri badute ere, txapela mordoa lortu dituzte dagoeneko: sei guztira.

Sei txapela, denboraldian
Hernaniko pelotariek hasi berri dute denboraldia; ez da antzematen ordea, txapelei erreparatuz gero. Asteburuan lortutako garaipenei esker, Hernaniko pelotariek 6 txapela lortu dituzte denbora gutxian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!