Zikuñagako danborrada sortu zuten auzotarrek 2011n, eta 2012an Gora Zikuñagako Ama kantua, auzotarren himnoa, estreinatu zuten. Auzoko historiari eta Hernaniko ikur garrantzitsuenetakoari erreferentzia egiten zaio kantuan: ermitari eta hernaniarron zaindariari, Zikuñagako Amari.
Era berean, danborrada horixe eta himnoa bera bihurtu dira, azken urteetan, zukiñatar edo zikuñatarren ikur. Hori horrela, aurten ere ez da faltako festetan danbor hotsik.
Bi urtetan erreferentzia bihurtua
Danborradak lau urte beteko ditu aurten, eta himnoak, hiru. 2012ko jaietan estreinatu zuten. Imanol Kamiok egin zituen letra eta musika, eta Ozenki, Kantuz eta Umore Ona abesbatzek kantatu zuten. Grabazioa ere egina dago, Xabier Valle de Lertxundi eta Pello Gorrotxategiren laguntzarekin. Ideia, berriz, Pello Oiarzabalek izan zuen, eta ez zen oker ibili.
Denbora gutxian ikur bihurtu da auzoan, eta danborradak berak ere gero eta indar haundiagoa du; Zikuñagako festetan ez ezik, beste hainbat okasiotan ere astintzen dute larrua. Azkenekoz, ekainean, Ziklobia ospatu zenean aritu ziren jotzen, Karabeleko gasolindegiaren parean. Koxka, Atzegi eta Pausoka elkarteak omendu zituzten orduan.
Larunbatean auzoan barrena
Urteko zitarik garrantzitsuena, ordea, Zikuñagako festetakoa izaten da, noski.
Aurten ere ez dute hutsik egingo. Hain zuzen, larunbatean ariko dira, iluntzeko 20:00etan hasita, danborrak astintzen. Gora Zikuñagako Ama joko dute kalerik egin gabe, eta baita beste hainbat doinu ere.
GORA ZIKUÑAGAKO AMA
Urumea ibaiaren ondoan
altxatutako auzoa,
herriko zaindarian etxea.
Zikuñagako Ama apirilako gauean
lapurtu zuen gizona urrunekoa ez dana.
Non dago? Nork dauka? Noiz arte bera gabe?
Gora Zikuñagako Ama!
Auzo txiki ta atsegina denontzat,
ta esku zabal-zabala.
Herritarren eskaera da
Zikuñagako Ama, desegindako ermita.
Noiz berriro, non berriro da asmoa ermita egiteko.
Zai gaude. Noiz arte bera gabe.
Gora Zikuñagako Ama!