Udara umore onez bukatzeko aukera paregabea ematen dute Zikuñagako festek. Aurten, gainera, inoiz baino egun gehiago izango dira jai-giroaz gozatzeko; bost egun, hain zuzen. Asteazkenean hasiko dira, eta igandean bukatu.
Zikuñagako Amaren eguna, berriz, astelehenarekin tokatu da aurten; irailak 8.
Inoiz baino egun gehiago
Hernaniko jai nagusien pare jarri dira aurten Hernaniko patroiaren auzoko festak ere. Bost egunetara luzatu dira Zikuñagako festak.
Asteazkenean hasiko dira, Zikuñagako Ama futbito trofeoarekin. Zikuñaga F.T. eta Xauxar taberna taldeak ariko dira aurrez aurre.
Ostegunean, berriz, hainbat txapelketatako fase batzuk jokatuko dira, partidu guztiak asteburuan ez pilatzeko: haurren esku pelota kanporaketak; haurren toka, bote eta igel txapelketa; eta I. Ziku Txanpions futbito txapelketako finalerdiak eta finala.
Egun potenteenak, hala ere, ostiraletik iganderakoak izango dira. Erraldoiak eta buruhaundiek jarriko dute auzoa dantzan, eta hortik aurrera, ez da deskantsurako tarterik batere izango.
Haurrentzako, futbitoa, jolasak, ur gerra, marrazki lehiaketa, puzgarriak, pelota, apar festa eta beste hamaika ekintza izango dira. Helduagoentzako, berriz, irrintzi lehiaketa, musika eta jan-edana, barra-barra.
Barbakoa, tortilla eta sagardoa, eta txokolatada
Aurreko urteetako arrakasta ikusita, ohitura bihurtu dira, dagoeneko, barbakoa herrikoia, tortilla lehiaketa eta sagardo dastaketa, eta txokolatada.
Ostiralean egingo da barbakoa herrikoia, 20:30etan. Larunbatean, berriz, tortillen txanda izango da. 12:00ak arte jasoko dira lehiaketan parte hartu nahi dutenen tortillak, eta 12:30etan emango da epaia. Ondoren, denek izango dute aukera pintxoren bat jan eta sagardoa edateko. Azkenik, igandean, azken trakara arte indartsu jarraitzeko, merienda eta txokolatada izango dira, 19:30etan.
Musika, ezinbestekoa
Jai guztietan falta ezin izaten den osagaia da musika, eta Zikuñagan ez dira gutxiago. Mota guztietako doinuak entzuteko aukera izango da, belarri guztien gozamenerako.
Ostiral gauean, irrintzi lehiaketaren ondoren, rock kontzertu ederra emango dute hiru taldek: The Zepo, Pandemia eta Dirty Eyes-ek. Larunbatean, dagoeneko ospetsu egin den danborrada aterako da kalera, 20:00etan. Gero, Urumea txarangak alaituko du auzoa, 23:00etan, eta jarraian, DJ Ramonek jarriko du dantzarako musika.
Igandean ere DJ Ramon ariko da festetako azken dantzaldia girotzen, 20:00etan, eta ondoren, zezensuzkoak eta trakaren burrunbak emango die bukaera festei.
Meza auzoan, berriro
Zikuñagako Amaren eguna irailaren 8an ospatzen da, eta bere omenez meza, igandean. Lehengo urtean egin zen lehenengo aldiz meza auzoan, eta aurten ere horrela egingo da.
EGITARAUA
Irailak 3, asteazkena
19:00 Zikuñako Ama futbito
trofeoa: -Zikuñaga F.T.-Xauxar taberna.
Irailak 4, osteguna
17:00 Frontoi berrituaren inaugurazioa, laguntza eman dutenekin.
Ondoren, haurren esku pelota kanporaketak.
Segidan, haurren toka, bote eta igel txapelketak.
20:00 I. Ziku Txanpions futbolin txapelketa (finalerdiak eta finala).
Irailak 5, ostirala
17:00 Erraldoia eta buruhaundiak.
19:15 Haurren futbito partidua.
20:30 Barbakoa herrikoia.
23:00 Irrintzi lehiaketa.
Ondoren, rock kontzertu ikusgarria:
-The Zepo.
-Pandemia
-Dirty Eyes.
Irailak 6, larunbata
11:00 Haurrentzako jolasak.
12:30 Tortilla lehiaketa (12:00ak arte jasoko dira tortillak, lokalean).
Ondoren, sagardo dastaketa.
15:00 Ur gerra.
17:00 Arku tiro erakustaldia.
17:30 Jolasak eskoletan.
20:00 Danborrada auzoan barrena.
23:00 Urumea txaranga.
Ondoren, dantzaldia DJ Ramonekin.
Irailak 7, igandea
10:00 Zikuñagako Amaren omenezko meza (eskoletan).
11:00-12:30 Haurren marrazki lehiaketa.
11:00-13:00 Puzgarriak.
13:00 Haurren esku pelota finalak.
15:00 Apar festa.
16:00-18:00 Puzgarriak.
17:00 Helduen toka, bote eta igel txapelketak.
19:30 Merienda eta txokolatada.
20:00 Dantzaldia DJ Ramonekin.
21:30 Zezensuzkoa, eta azken traka.
Auzotarrak, festen inguruan:
Onditz (Txoixo), 13 urte: «Oso onak dira eta oso ondo pasatzen dugu».
Endika (Esantxitxon), 13 urte: «Animatu zazitezte, oso ondo pasatzen dugu eta denontzako gauzak daude».
Irune, 12 urte: «Oso dibertigarriak, gustatzen zaizkiten gauza asko daude. Etor dadila jendea, baina ez asko, horrela, gehiago gozatuko dugu».
Nahia, 12 urte: «Hainbeste gustatzen zaizkit Zikuñagako festak, urtea azkar pasatzea nahi izaten dudala berriro gozatzeko».
Dario, 16 urte: «Etortzen ez direnak etor daitezela, oso ondo pasatzen dugu-eta».