Urrizak jokatuko du finala berriro, ederki sufrituta

Kronika - Erredakzioa 2014ko abu. 31a, 02:00

Semifinal ederra jokatu zuten Urrizak eta Utergak, eta oso partidu estuan, 30-29 nagusitu zen faboritoa. Finala, iazko berdina izango da.

Iazko finalaren errebantxa izango da aurtengoa, Buruz Buruko Txapelketan. Izan ere, berdinak dira protagonistak: San Miguel eta Urriza. Atzo irabazi zuen semifinala Urrizak, Utergaren kontra. Baina ederki sufritu behar izan zuen. Ezin estuagoa izan zen partidua, eta tanto bakarreko aldearekin lortu zuen garaipena, 30-29.
Zentimetro gutxi batzuk izan ziren, partidua erabaki zutenak: azkeneko tantoan, Urrizak egin zuen sakea, eta errestoan bukatzen saiatu zen Uterga, bi pareta batekin. Pelota oso gutxigatik joan zi­tzaion kanpora doneztebarrari, eta horrekin batera, final haundia jokatzeko aukera.

Garaipena, defentsari esker
Defentsan aritu zen fin Urriza. Ez zuen askorik arriskatu, baina oso ondo eutsi zien Utergaren erasoei. Hala ere, oso zaila jarri zitzaion partidua, Utergak tarteak zabaldu baitzituen, behin eta berriro. Eta bereziki bukaera aldera, doneztebarrak lau tantoko aldea hartu zuenean: 21-25. Baina Urrizak ez zuen etsi, eta finalean izango da berriro, hirugarrenez segidan. Eta berriro San Miguelen aurka, iazko finala errepikatuz. Datorren larunbatean izango da, Galarretan.

Barrenetxeak, irabazi
Endika Barrenetxeak, bere aldetik, garaipena lortu zuen Zeberio IIrekin, binakako estelarrean, Etxeberria IV eta Ionen kontra (40-33). Beste bi partiduetan: Matxin VI-Larrañaga 35/Segurola-Zubiri 30; Otaegi-Agirrezabala 35/Juanenea-Aizpuru III 29.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!