Aurkari gogorra, gogorregia izan zuen Hernanik, pretenporadako estreinako partiduan. US Nafarroa maila haundiagoko taldea da, eta garbi utzi zuen atzo, Landaren: 14-45 irabazi zuen. Baina emaitzatik harago, Iñaki Quesadari omenaldia egitea zen helburua, eta halaxe egin zuten. Bai txapelketa jokatu zuten lau taldeek, eta baita harmailetan bildu zen jendetzak ere.
Gogo haundia zeukaten zaleek, taldea berriro jokoan ikusteko, eta Landareko harmailak bete zituzten. Emaitza ez zen politena izan, baina momentu onak ere izan zituen partiduak, batez ere bukaeran. Azkeneko zatian, bi entsegu lortu zituzten hernaniarrek, eta txalo zaparrada haundiarekin erantzun zieten zaleek.
Hernani eta Nafarroaren arteko aldea nabarmen geratu zen hasieratik. Iparraldekoak oso fin ibili ziren korrika, eta 14-45 nagusitu ziren.
Hasiera-hasieratik, US Nafarroa nagusi
Bi taldeen arteko aldea nabarmen geratu zen hasieratik. Nafarroa Behereko taldea oso fin ibili zen korrika, eta alferrik izan ziren hernaniarren saiakerak, haiek gelditzeko. 30 minutuko hiru zati jokatu ziren, eta aurrenekoan, 0-19 aurreratu zen kanpoko taldea. Beste horrenbeste puntu pilatu zituzten bigarren zatian ere, eta 0-38 jarri zuten markagailua.
Azkeneko zatian iritsi zen Hernaniren onena. Hasi eta gutxira, entsegua lortu zuen Nafarroak, baina berehala erreakzionatu zuten etxekoek, eta bi entsegu lortu zituzten. Partiduari buelta ematea ezinezkoa zen, baina morala altxatzeko, behintzat, balio izan zuen bukaera onak. Eta zaleak pozteko ere bai.
Aurreneko partiduan, Zarautzen garaipena
Hernaniren partidua baino lehen, beste bat jokatu zen, Iñaki Quesadaren Oroimenezko txapelketan. Quesadaren familiari lore sorta eskaini, eta Zarautz eta Atletico San Sebastianen artekoari eman zitzaion hasiera. Donostiarrak hasi ziren aurretik, eta 7-14 iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, ordea, beste itxura bat hartu zuen partiduak. Markagailuari buelta eman, eta 36-28 nagusitu ziren zarauztarrak.
Omenaldia borobiltzeko, afari herrikoia
Errugbiarekin gogoratu zuten Iñaki Quesada, atzokoan, eta errugbizaleak bildu ziren, ondoren, afari herrikoia egiteko. Atsegindegin, omenaldia borobildu zuten, errugbiak girotutako otorduan.