Final haundia zein izango den erabakiko da gaur, Buruz Buruko Txapelketan. Bigarren semifinala jokatuko dute Urrizak eta Utergak, 16:00etan Galarreta frontoian. San Miguelek lortu zuen aurreneko txartela, irailak 6ko finalerako, Etxeberria IVren kontra nagusituta. Aurkaria, gaur bertan ezagutuko dugu.
Oso lehiatua izango da partidua. Urriza da faborito nagusia, azkeneko bi txapelak jantzi baititu buruz buru. Baina Uterga oso aurkari arriskutsua da: «aukera duen bakoitzean, tantoa bukatzen saiatuko da», azaldu du Javier Urrizak. Sasoi betean dago Uterga, final zortzirenean erakutsi zuen bezala: Barrenetxea IVren kontra, asko asmatu zuen tantoak bukatzen, eta sakatzen ere fin ibili zen.
Aurkaria behar zuena, botillero
Koteto Ezkurraren kontra jokatu behar zuen final laurdena, Xanti Utergak. Baina guztiz osatu gabe zegoen, eta ezin izan zuen jokatu. Orain, berriz, botillero bezala izango du Utergak, semifinalean. Beteranoaren aholkuak ere beharko ditu, Urriza mendean hartzeko: «une honetan, aurkari indartsuena da».
Beste hiru partidu, gaurko festibalean
Semifinalaz aparte, hiru partidu jokatuko dira gaur Galarretan, festibala borobiltzeko. Aurreneko partiduan, Aritz Zubiri goizuetarra ariko da, Segurolarekin, Matxin VI eta Larrañagaren kontra. Eta hirugarrenean, Endika Barrenetxea hernaniarrak jokatuko du Zeberio IIrekin, Etxeberria IV eta Ionen kontra. Festibala ixteko: Otaegi-Agirrezabala/Juanenea-Aizpuru III.