«Kontxa irabaztea zein haundia den diote, baina sartze hutsa ikaragarria da»

Kronika - Erredakzioa 2014ko abu. 27a, 02:00

Traineru denboraldia lehiatzen ari dira Amets Zapiain astigartarra, San Juanekin, eta Amaia Zuaznabar hernaniarra, Oriorekin. Azken txanpan sartuta, zita inportanteena iristeko irrikaz daude.

Bukatzen ari da traineru denboraldia, baina oso goiz da oraindik, balorazioak egiteko. Goizegi, zitarik inportanteena jokatzeko baitago: Kontxako bandera. Datorren ostegunean egingo da sailkapen estro­pada, eta bertan izango dira Amets Zapiain astigartarra eta Amaia Zuaznabar herna­nia­rra. San Juanekin bata eta Oriorekin bestea, ilusio ber­be­ra dute: Kontxako estropadan egotea.
«Kontxa irabaztea oso haun­dia dela esaten dute, baina sartze hutsa ikaragarria   izango litzateke», kontatzen du Zuaznabarrek. Esperientzia eder hori ezaguna du Zapi­ainek, honezkero: «sailkapen estropadan lehiatu nintzen iaz, eta negarrez bukatu nuen, sartzea lortu genuelako».

Bide ezberdinak, eta helburu ezberdinak
Kontxara iristeko, oso bide ez­berdinak egin dituzte Zapi­ainek eta Zuaznabarrek. San Juanen, dena irabazi dute aurten: Euskotren Liga, Gipuzkoakoa, Euskadiko eta Gipuzkoako txa­pelketak, eta bandera mordoa. «Ezin dugu gehiago eskatu, oraindik sinetsi ezinda ga­bil­­­­­­­­t­za», dio Zapiainek. Kontxa ira­baztea, «denboraldi ikaragarria borobiltzea» izango litzateke, beraientzat. Orion, berriz, «pattal» hasi zuten sasoia, Euskotren Liga­tik kanpo geratuta: «Gipuz­koa­ko txapelketan kolpea hartu ondoren, txipa aldatu genuen, ez zegoen horrela jarraitzerik, eta ordutik gorantza egin dugu», azaldu du Zuazna­ba­rrek. Horregatik, Kontxarako sailkatzea da traineru horia­ren «helburu nagusia, eta hor­tik aurrera datorrena, ederki».

«Titularrak egon arren, denoi ematen zaigu aukera»
Pertsonalki egindako sasoia­rekin, pozik dira Zapiain eta Zuaznabar: «badaude titular batzuk taldean, gehien lehia­tzen direnak, baina denoi ematen zaigu aukera». Herna­niarrak, gainera, estreinako denboraldia zuen, traine­ruetan, eta «oso gustora» aritu da: «honetan jarraituko dut, seguru baietz».
Denboraldi guztian bezala, Kontxan ere lehiatzeko aukera izatea espero dute: «sailkatuz gero, pentsatzen dugu denoi emango digula aukera, Kontxan aritzeko; berezia da».

Hernaniko harrobitik, estropada nagusira
Hernanin hasi ziren arrau­ne­an biak, batel eta traine­ri­lle­tan: «hasi ginenean, oso jende gutxi ginen, eta pixkanaka sen­do­tzen ari da taldea». Her­na­nin jarraitzen du Zuaz­na­ba­rrek, eta aurten utzi du Zapi­ainek, San Juanekin entre­natzeko, traineru denboraldiari begira.
Hernanin ez ziren elka­rre­kin lehiatu, adin tarte­agatik: 19 urte ditu Zapiainek, 16 Zuaz­nabarrek. Orain bai, txanda berean dabiltza, baina aurkari bezala: «uniformea janzten dugunean, pike pixka bat badago, baina uretatik kanpo lagunak gara».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!