Ezustekorik ez Buruz Burukoan: San Miguelek jokatuko du finala

Kronika - Erredakzioa 2014ko abu. 28a, 02:00

Doneztebarra 7-14 aritu zen galtzen, baina bere abilezia guztia erakutsi eta 30-20 nagusitu zen, Etxeberria IVren kontra.

San Miguel izango da aurreneko finalista, Buruz Buruko Txapelketan. 30-20 nagusitu zen Etxeberria IVren kontra, semifinalean. Hirugarren finala izango du, eta hirugarren aukera, orain arte ihes egin dion txapela janzteko. Aurkaria, beste semifinaletik aterako da: Urriza/Uterga.
Irabazi zuen, bai, baina ez zen ondo hasi partidua, doneztebarrarentzat. Pelote­o­an du­en maisutasuna erakutsi zuen Etxeberriak, eta 0-6 eta 7-14 jarri zen aurretik. San Mi­guelek, berriz, ez zuen asma­tzen, ez sakatzen, ez erres­toan eta ezta peloteoan ere.
 Baina dena aldatu zen, San Miguel hasi zenean sakearekin asmatzen. Hamar tanto egin zituen jarraian, eta horietatik bost sakearekin. Horrela, aurretik jarri zen, 17-14.

Hirugarrenez jokatuko du finala San Miguelek. Beste semifinala, etzi: Urriza / Uterga.

Beste takada bat, eta akabo
Etxeberriak eutsi egin zion tarte batean, eta 20-19 egon ziren, baina San Miguel hazita zegoen: beste zortzi tanto egin zituen segidan, eta partidua erabakita utzi zuen. 30-20 irabazi zuen, sakez 11 tanto eginda.

Beste semifinala, etzi
Urriza edo Uterga izango du aurkaria San Miguelek, txapela janzteko ahaleginetan. Larun­batean jokatuko da bigarren semifinala, eta gaur aukeratuko dute materiala, 12:00etan. Urriza da iazko txapelduna, eta dirua bere alde aterako da, baina ez du lan erraza izango, Utergaren kontra.
Zita nagusiaren aurretik, baina, lau partidu jokatuko dira gaur, 16:00etan Gala­rretan. Barrenetxea IV banaka ariko da, Endikaren kontra. Beste hiru partiduak: Segu­rola-Aizpuru III/Otaegi-Zubiri; Zebe­rio II-Ion/Ezkurra II-San Miguel; Matxin VI-Olazar/ Juanenea-Segurola.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!