Talde berria izango da CD Hernani, aurten. Iaz zeuden jokalarietatik, apenas geratzen dira 20tik 8, eta arlo teknikoan, bat bera ere ez zegoen taldean, pasa den denboraldian. Baina sasoi berrian ondo aritzeko, osagai garrantzitsuena badaukate: gogo eta ilusio izugarria.
Aurreko astean hasi zituzten entrenamenduak, eta aurreneko egunetan ikusitakoarekin «oso gustora» daude Andoni Loran entrenatzailea eta Iñaki Altuna laguntzailea: «giro bikaina dago taldean, eta gogo haundiarekin daude denak». Pretenporada hasieran, beste modu batera planteatuko dute prestaketa: «dena ez izateko Zubipe eta dena futbola, beste plan batzuk egingo ditugu: zumba saio bat, paintball, mendira irteera...».
«Beteranoenek, 20-21 urte»
Oso talde gaztea izango dute esku artean. «Beteranoenek 20 edo 21 urte dauzkate», nabarmentzen dute. Izan ere, urte gehien zeramazkiten jokalariek, utzi egin dute aurten, eta beste zenbait taldez aldatu dira: «taldea osatzeko, fitxaketa bakarra egin dugu, eta gainerako guztiak jubeniletik igotakoak dira».
Jokalariak harrobitik hartzeak, hala ere, ez ditu ahulduko, indartu baizik. «Maila haundiko jokalariak dira, kalitate asko dutenak», dio Ane Ibarburuk, taldeko kapitainak. Ikusi besterik ez dago, jubenilen taldea bigarren sailkatu zela, aurreko denboraldian. «Atzekoak indartsu datoz», adierazi du Loranek.
«Esperientzia falta, partiduak irakurtzean nabarituko da»
Gazteak izateak dakar taldearen ahulgune nagusia; esperientzia faltak: «batez ere, partiduak irakurtzeko garaian nabarituko da, entrenamenduetan ez». Baina, horren ordez, «gogo eta ilusio izugarria» daukatela azaldu du Ibarburuk.
Entrenatzaile berriak, antzeko jokoa
Jokalarietan bezala, aldaketa eman da teknikoen artean ere: Mikel Oruezabala da koordinatzaile berria, eta Andoni Loranek entrenatuko du taldea aurrenekoz, Iñaki Altuna laguntzaile duela. Loranek, infantil mutilak entrenatu zituen iaz, baina aurretik hiru urtez egon zen emakumezkoen taldean, laguntzaile bezala. Altuna, berriz, neska jubenilekin aritu zen iaz, eta oso ondo ezagutzen ditu taldeko gehientsuenak.
Entrenatzailea aldatu arren, jokoa antzekoa izango da: «sistema ez da askorik aldatuko, kokapena eta presioa egiteko modua antzekoak izango dira».
Harrobiko neskekin osatu dute taldea: «maila haundiko jokalariak dira, kalitatea eta teknika badauzkate».
«Gauzak oso ondo egin dira Hernanin, eta nesken futbolak gora egin du; orain, jendea gure partiduak ikustera etortzea behar dugu».
«Ilusioa mantentzea» helburu
Denboraldi berrirako, bi helburu nagusi dauzka Loranek: «aurrenekoa, deportiboa, ahalik eta azkarren salbatzea da, eta hortik aurrera disfrutatzea; baina bestetik, ilusioa urte guztian mantendu nahi dugu». Horrela, lortuko dute neskek futbolean gogotsu jarraitzea, urtetik urtera: «ilusioa mantenduz gero, eta luze baino, denboraldia motz egiten bada, errazagoa da taldea mantentzea», uste du Ibarburuk.
Denboraldi ona egiteko, «ondo hastea» izango da klabea, entrenatzaileen iritziz: «gaizki hasiz gero, dinamika txarrean sartzen zara, eta ez diozu buelta ematen...». Urriaren 5ean hasiko dute Liga, Berriotxoaren zelaian. Baina etxeko partiduak dira, Loranek ihes egiterik nahi ez dituenak: «Zubipen indartsu izan behar dugu, puntuek ezin dute alde egin».
Bost partidu, pretenporadan
Ligaren hasierara ondo iristeko, bost partidu jokatuko dituzte pretenporadan: abuztuak 30ean, Añorgaren bigarren taldearen kontra Zubipen; irailak 3an, Añorgako lehenaren kontra, Añorgan; irailak 13an Oiartzunen; irailak 20an Tolosan; eta irailak 27an azkena, oraindik zehazteke.
«Nesken futbolaren gorakada aprobetxatu behar dugu»
Gorakada izan du nesken futbolak, Hernanin, eta dagoeneko kategoria guztietan dauzkate taldeak, eskailera osatuz: «gauzak oso ondo egin dira, eta aprobetxatu egin behar dugu; orain, jendea gure partiduetara etortzea behar dugu».