Halaxe dio Ergobiako festetako kantuak: Ergobiko festa hauek onentsuenak dira, lau egun umore onez, giro ona beti da. Eta ederki erkautsi zuten atzo hala dela txupinazoa bota zutenek; Mari Carmen Etxeberria eta Satur Blancok. Gero, umeek gozatu zuten gehien jolasetan eta txokolatadan. Asteleheneko idi-probarako idiak ere pixatu zituzten, eta gauean, Ergobiako sei mutil aritu ziren Astigarragako lau mutil eta lau neskaren aurka, harriari tiraka.
Gaurkoari, berriz, egun herrikoia deitu diote.
‘Herri’ osoari begira
Denek parte hartzeko moduko eguna antolatu dute gaurko. Goizeko 10:30etan Kross Herrikoia egingo da, eta gaur bertan izango da aukera, oraindik izena emateko, 08:30etatik 09:30etara. 10 km egin beharko dituzte korrika.
Gero, 12:00etan aerobik egiteko aukera izango du nahi duenak, eta 13:00ean, bolan abilezia probatzekoa.
Noski, hainbeste mugitu ondoren, indarrak berreskuratzeko herri bazkaria egingo da. Eta arratsalde eta gauean, bola berriro, zezensuzkoa, Emakume proba eta Dj Bull izango dira.
20 sagardo probatzeko, bihar
Bihar 53garren Sagardo Eguna ospatuko da, eta 20 bat sagardo probatzeko eta puntuak banatzeko aukera izango du nahi duenak; baita pintxo batzuk jatekoa ere.
Herri kirolak eta harri proba berezia izango dira eguneko beste protagonistak: Paollaren zaldia, Txibilterko astoa eta Kixkurraren idia ariko dira elkarren kontra.
Eta nola ez, egun honetan beste afari bat egingo da karpan: kostilla.
Idi proba, bazkaria eta sorpresa, azken egunean
Azken festa eguna astelehena izango da, eta idi proba izango da eguneko ekitaldi fuerteenetakoa. Bi saio egingo dira; bata eguerdiko 12:00etan, eta bestea 18:00etan.
Bestalde, bazkari ofiziala egingo da karpan, eta bertsolariak izango dira bertan. Horrez gain, arratsaldeko 17:00etatik aurrera txarangak jarriko du giroa. Eta jaiak umoretsu bukatzeko, azken urteetan ohitura bihurtzen ari den sorpresa edo antzerkia egingo da, 24:00etan.