Goizueta osoa joanen da Artikutzara, datorren ostegunean, San Agustin eguna ospatzera. Haurrak, gazteak, helduak edo adinekoak. Adin guztietakoak hurbilduko dira, festa giroaz gozatzera. Goiz eta arratsalde, ekintza ugari izanen dute, udako jaien zikloari agur esateko.
Erromeria gisa hartzen dute Goizuetan. Herritar asko, goizean goizetik abiatzen da oinez, Artikutzara bidean. Ez ditu kezkatzen, aurretik duten ibilbide luzeak, bizpahiru ordu behar baitira iristeko.
Kotxean doazenek, berriz, aparkatzeko aukera izanen dute, urtegira buelta ematen dion pistan: alde batetik sartu, eta bestetik atera, kotxeari buelta eman gabe. Artikutzako ateak, goizeko 08:00etan irekiko dira.
Meza eta pelota partidu berezia, goizeko plana
Goizuetatik bezala, beste herri askotatik ere hurbilduko da jendea: Oiartzun, Donostia, Lesaka... Iristen direnean, meza eginen dute, eta hitzaldia ere izanen da, eskuz pasaka pelota modalitateari buruz. Hain justu, modalitate bereziaren partidu bat jokatuko da segidan, eta esku pelotako beste bat.
Bazkalordua iristean, motxilara eramango dituzte eskuak: etxetik bazkaria eraman, eta bertan eginen dute otordua, elkarrekin. Bi taberna ere jarriko dituzte bertan, eta artisauen dendak ere bai: taloak, gazta, pastelak...
Goizuetar asko, goizean goizetik abiatzen da oinez Artikutzara, bi edo hiru orduko bidean.
Bertsolariak eta herri kirolak, arratsaldean
Bertsolariek girotuko dute bazkalostea: Beñat Gaztelumendi eta Jon Martin ariko dira, umorea jartzen. Eta ondoren, herri kirolak eginen dituzte: aizkolariak binakako lehian, eta harrijasotzaileak elkarren kontra.
Eguna bizi-bizi bukatzeko, dantzaldia izanen da 20:00etan, Joxe Mendizabalekin.
ABUZTUAK 28, osteguna, ARTIKUTZAN
11:00 Meza. Egi Eder otxoteak hartuko du parte.
11:00 Eskuz pasaka modalitateari buruzko hitzaldia, Beko Etxen.
11:30 Eskuz pasaka partidua, eta esku pelota partidua.
11:30 Artikutzako ur satorraren egoeraz hitzaldia, Jorge Gonzalezen eskutik, Beko Etxen.
16:00 Bertso saioa: Beñat Gaztelumendi eta Jon Martin.
18:00 Herri kirolak:
Aizkolariak: Donato Larretxea-Felix Etxeberria/Aitzol Atutxa-Ugaitz Artola.
Harrijasotzaileak: Izeta II/Landarbide.
20:00 Dantzaldia, Joxe Mendizabalen eskutik.
*08:00etan irekiko da Artikutza