San Inazio egunean aurkitu zuten kabia Astigarragako Gurutzeta sagardotegi kanpoaldean dagoen kupel zahar batean. Ikatza gordetzeko erabiltzen duten kupel zahar bat da.
Asteartean kendu zuten, Julian Urkiolak (Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko lehendakaria), Astigarragako Pellejerok eta Hernaniko Agustin Zabala erlezainak.
Ikertzeko izoztuak
Euskal Herriko Unibertsitako ikerlari talde bat tesia egiten ari da, liztor asiatikoa erakartzeko lurrunak asmatzeko. Horregatik, Urkiolak izoztuta gorde ditu Gurutzetatik kendutako kabia eta liztorrak, eta irailean jasoko ditu ikerlari taldeak, gordeta dituen beste bi kabirekin batera.
Hala azaldu du Urkiolak: «Kupela txikia zenez, kabia moztu eta izoztuta gorde ahal izan dut, eta horrela ikertzeko balio du, ez baitauka pozoirik. Jakin nahi dute zenbat apal egiten dituzten liztorrek kabi baten barruan, kabiak zenbaterainoko tamaina hartu dezakeen, zaenbat liztor kabitzen diren, zein eboluzio izaten duten...».
9 lurrunekin probak, liztorrak erakartzeko
Era berean, ikerlari talde hau lurrunak asmatzen ari da liztorrak erakartzeko. «Bederatzi lurrun inguru edo asmatu dituzte, eta laster probak egingo dituzte lau erlategitan: Larre-Gain bidean eta Usurbilen nik dituten bi erlategitan, Agustin Zabalaren Portuko erlategian, eta Oiartzungo beste batean. Astean behin lekuz mugituko diutzte, zein eragin duten ikusi eta ikertzeko».
Kabia aurkituz gero Udaltzainei deitu behar zaie, eta protokolo berria jarriko dute martxan.
Lastolan, bi kabi
Urkiolak dio oraindik ez dakiela aurten zenbat liztor asiatiko dagoen. «Ematen du gutxiago daudela, baina oraindik ezin dugu jakin. Izan ere, abuztutik urria edo azarora bitartean jaio eta ernaltzen dira erreginak, baina hotza egiten hasten duenean gorde egiten dira, hurrengo urtera arte. Beraz, urritik aurrera kabia aurkituz gero ez du asko inporta, hutsak egongo baitira. Orain aurkitzen direnak kendu behar dira».
Hain zuzen, asteartean Astigarragan kendu zuten kabia, eta asteazkenean beste bi aurkitu ziutzten Hernanin. «Lastolan daude biak; bat, pabilioi industrial bateko atean, eta bestea, tailer bateko kristalerari pegatuta. Pozoia botako diegu, eta 3-4 egunez utzi. Eraginak iraun egiten du, eta horrela, denak hiltzen dira».
Protokolo berria
Liztorrak aurkituz gero, Udaltzainei deitu behar zaie, eta protokolo berria jarriko dute martxan: eskualdeko nekazaritza bulegoak (OCA) egiten dira kargu.
«Hobe genuke Hernani eta Usurbilgo Udalen kontzientzia balute denek. Baina herri guztietan ez dago suhiltzaile, basozain, erlezain eta abarrik. Protokolo berriarekin denak gaude kubrituta».