«Urumea ibaia, Ugaldetxotik Pikoagara bitarteko zatian, oso ondo dago», dio Javier Perezek, Guratrans proiektuko koordinatzaileak, «eta aldiz, oso arrain gutxi daude». Arazo horri konponbidea emateko, proiektua jarri dute martxan. Helburua da, Urumea ibaiaren biodibertsitatea haunditzea.
Amuarrainak dira jomuga nagusia, eta kopurua hazi dadin, «falta dutena» emango diete: «ibaiaren homogeneotasuna hautsi behar dugu, gauza desberdinak jarri, beraien ziklo biologikoa osatu dezaten». Leku ezberdinak izateaz ari da Perez: arrautzak jartzeko tokia, babestekoa...
«Naturala da zuhaitz bat ibaira erortzea, eta bertan geratzea; guk Urumeari naturaltasuna bueltatuko diogu, modu artifizialean».
Zuhaitzak bota, eta ibaian finkatu
Zuhaitz batek hausten du ibaiaren homogeneotasuna: «hondartzatxoak sortzen ditu, kobazulo modukoak... aukerak ematen dizkie amuarrainei». Eta hori izango da proiektuaren oinarria: zuhaitzak botako dituzte, eta ibaian finkatu. «naturala da zuhaitz bat ibaira erortzea, eta bertan geratzea; guk Urumeari naturaltasuna bueltatuko diogu, baina modu artifizial batean».
Hemengoak ez diren arbolak botako dituzte, eta motozerraz ariko dira lanean: «kontu haundiz ibili beharko dugu nola bota erabakitzeko, eta nondik bideratu zuhaitza, gainerakoei kalterik ez egiteko; baina bertako arbolak oso sendoak dira, egia esan».
Finkatzeko, berriz, tornilloak eta kableak erabiliko dituzte, eta arroketan iltzatuko dituzte zuhaitzak. Horrela, lortuko dute ibaiaren bidea ez oztopatzea, eta inolako arazorik ez sortzea. Lanek, gainera, ez dute oztoporik ekarriko, «makinaria arinarekin» ariko baitira lanean.
«Araxes ibaian probatu zen, eta funtzionatzen du»
Urumean gauzatuko duten proiektua, Araxes ibaian jarri zuten martxan aurrena, 2011 urtean: «probak egin dira bertan, eta funtzionatzen du». Añarben ere, bota zituzten zuhaitzak, baina finkatu gabe, uholde-arriskurik ez dagoelako urtegian.
Hasiera, atzeratuta
Aurreko astean ziren hastekoak lanak, baina atzeratu behar izan dituzte: «ibaia oso altu dago, eta horrela ezin dugu lan egin». Bi hilabetez luzatuko dira lanak, «baina baliteke azkarrago egitea», dio Perezek.
Tramoz tramo ariko dira lanean: «guk hiru zatitan banatu dugu; kontuan hartu dugu lekua egokia izatea, bazterreko jabetza norena den, kalterik ez egiteko inori». Izan ere, lanak ez dira egingo zati guztian, Ugaldetxotik Pikoagara: «tramo batzuetan, amuarrain kopurua egokia da, eta biodibertsitate haundia dago». Horietan ez dute proiektua gauzatuko.
Landuko duten aurreneko zatia, Pikoagan bertan hasten da. Bertan ekingo diote lanari, uraren maila baxuagoa denean. Zati horren ondoren, tarte bat dago, non ez duten lanik egingo. Aurrerago dago aukeratu duten bigarren zatia, eta hortik azkenekora ere, beste tramo bat utziko dute ikutu gabe. Ugaldetxon bukatzen da azkeneko zatia.
Araxes ibaian probatu zuten proiektua aurrenekoz, 2011 urtean: «probak egin dira bertan, eta funtzionatzen du», dio Javier Perezek.
Zonaldearen azterketa, aurreko astean
Lanak hasterik ez zuten izan, baina zonaldea aztertzeko aprobetxatu zuten teknikariek: «tramoak errepasatzen aritu ginen, eta zehazten zein zuhaitz bota». Hartu beharreko neurriak ere erabaki zituzten: «zein arrokatan iltzatu zuhaitz bakoitza, norantza bota, nola gidatu...Kalteak ekiditea da helburua», azaldu du Perezek.
Helburu erantsi bat:
zuhaitz inbaditzaileen presentzia gutxitzea
Proiekturako kanpoko arbolak erabilita, helburu erantsi bat ere lortuko dute: zuhaitz inbaditzaileen presentzia gutxitzea: «horrela, galaraziko diegu zuhaitz autoktonoei lekua kentzea».