Astearteko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Hernaniko Udalaren erabakia, G.A. 09 (Young Play) arearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari hasierako onarpena ematekoa. Orain, 20 eguneko epea dute herritarrek ikusteko obrari dagokion espedientea, udaletxean.
Hemendik aurrera, hiru hilabeteko epea ireki da behin betiko plana aurkezteko, eta hori onartuta, espero dute obrak lau urteko epean egitea.
Aurreikusten da egitea Hondarribiara dijoan autopista berritik Galarretara zuzenean sartzeko bidea, Aiete-Miramon eta Txillida Leku-Errekalde lotuko dituen bidegorria, lokal komertzialak eta hotel bat.
Young Playren tokian, hotela, lokalak eta aparkalekuak
Gaur egun oraindik Young Play dantzaleku zaharreko eraikina dagoen eremuak 16.856m2 ditu, eta hiru zatitan banatu da gunea, plan honen arabera.
A partzela Udalarena da, eta 51m2 ditu. B partzela, berriz, Jabei 2007 S.L. enpresarena da, eta 13.716m2 ditu. Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eremua, publikoa, 3.089m2-koa da.
A eta B partzeletan, hain zuzen, aparkalekuak, lokalak eta hotela egitea aurreikusten da. Lokalak A eta B partzeletan egingo dira, beheko pisuan eta lehenengoan. Erabilera komertzialekoak izango dira, eta ez industrialekoak. Bi gune horien inguruan aparkalekuak ere egingo dira. Bestalde, hotela B partzelan egingo da, bigarren pisutik bosgarreneraino.
Bidegorria, autopistara sarrera eta gune berdea
Bestalde, obra hau Oriamendirako GI-3401 errepidean egiten ari direnekin elkartuko da. Gune horretan, dagoeneko, egina dago errotonda berri bat. Hain zuzen, errotonda horretara egingo zaio irteera bat azpitik pasatzen den autopistari, Hondarribiarako norantzan dijoanari. Eta autopistatik Galarretarako sarrera horren ondoan, Young Playeko eremuaren inguruan, gune berde bat sortuko da, zuhaitz eta jardinekin.
Bestalde, bidegorri bat eraikiko da Aiete-Miramon aldetik hasi eta Txillida Leku-Errekalderaino.
Lau urteko obra
Orain aurkeztutako plana Tanco y Asociados Arquitec-tura y Urbanismo, S.L.P enpresak prestatu du, eta Baika Castropark, S.L.k sustatu. Udalak hasierako plan hau onartu du, eta orain, 3 hilabeteko epea dago plan definitiboa aurkezteko.
Hori onartzen denean, obrak egiteko lau bat urte beharko direla aurreikusten da, baina oraindik ez dago zehaztuta.