Oporretatik lanera bueltatu behar dutenentzako umore ona berreskuratzeko modu paregabea eskaintzen dute urtero Ergobiako jaiek. Baita oporretan daudenentzako jai-giroaz gozatzen jarraitzekoa ere. Ostiralean hasiko dira festak, arratsaldeko 17:00etan, eta astelehenean bukatu. Danak Bat jai-batzordeak ondo pasatzeko deia egin du.
Ostirala, haurren eguna
Denentzako tokia egiten da Ergobian. Hala, ostirala haurren eguna izango da. 17:30etan jolasak eta sariak izango dira; puzgarriak ere bai, eta 19:00etan, txokolatada, txurro eta guzti.
Iluntzean denek izango dute aukera gozatzeko asteleheneko idi-demako idien pisaketarekin. 21:30etan, berriz, oilasko jatea egingo da Estanco tabernan. 23:30etan zezensuzkoa aterako da eta 01:30etan, Oihan Vegak jarriko du musika plazan.
Harri-proba famatuak eta 50garren idi-dema
Apustuzaleak omen Ergobian. Harri-proba eta idi-demarik, behintzat, ez da faltako. Ostiralean, Ergobiako 6 mutil ariko dira Astigarragako 4 mutil eta 4 neskaren kontra, 24:00etan hasita, 20 minututan nork plaza gehiago egin.
Larunbatean, 24:00etan baita ere, emakume proba egingo da: Orioko eta Ibarrako neskak elkarren kontra.
Igandean, berriz, harri-proba berezia egingo da 23:30etan: Hernaniko Imanol Paollaren zaldia ariko da, Azpeitiko Txibilterko astoaren eta Larraungo Kixkurraren idiaren aurka. Bestalde, igandean, arratsaldeko 18:30etan sei harri-jasotzaileren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da, harri txikiak, eta Ergobiako 104 kilotako harri baldarra tarteko.
Azkenik, igandean, Ergobiako Sari Haundia idi-proba famatua jokatuko da. Aurtengoa, 50garrena izango da.
Larunbateko VII Kross Herrikoiean parte hartzeko izena eman daiteke dagoeneko: www.kirolprobak.com.
Bono berezia erosi ahal izango da txosnan, 55 euroan, karpako bazkari eta afari guztietarako.
Ergobiako krossean izenematea zabalik
Larunbata Egun Herrikoia izendatu dute. Besteak beste, VII. Kross Herrikoia egingo da, 10km-takoa, XII. Bernardo Arzallusen Oroimenekoa. Egunean bertan izena emateko aukera izango da, 08:30etatik 09:30etara. Baina aurretik ere eman daiteke, www.kirolprobak.com webgunean. Proba 10:30etan hasiko da.
Bestalde, aerobik edo bolatoki herrikoia izango dira.
Jan-edana, ugari
Umore ona izaten da Ergobiako jaietako bereizgarria. Baina baita jan-edana ere!
Igandean ohiko sagardo lehiaketaren 53garren edizioa egingo da. Aurten ere aukera izango da 20 bat sagardo dastatu eta puntuatzeko.
Bestalde, hiru otordu ofizial izango dira festa hauetan. Larunbatean, bazkari herrikoia (20€ helduek/12€ umeek). Igandean, kostilla jatea afaritarako (20€). Eta astelehenean, bazkari ofiziala (25€ helduek/15€ umeek). Txartelak txosnan erosi ahal izango dira. Otordu guztietarako bonoa ere izango da, 55 euroan.
Sorpresa gehiago
Astelehenean urteroko ‘sorpresa’ izango da, eta gainontzeko egunetan, musika. Xehetasunak, larunbateko Kronikan.