Azken egunak aprobetxatzen ari dira, Oporrak Bakean programarekin Hernanira etorri diren haur sahararrak. Aurten lau etorri dira: Fatma, Salka, Fatimetu eta Zeinabu, baina azken honek Getarian pasatzen du udara. San Joanetarako etorri ziren, eta aste honetan bertan itzuliko dira etxera. «Super ondo» ibili direla diote, baina «etxera itzultzeko gogoa» ere badute, «amatxo ikusteko».
«Dena gustatzen zait!»
Haurrak ederki ibili direla argi dago. Fatimetuk 5garren aldia du Hernanin, Nagore Arraras eta Unai Kijeraren etxean, «eta ahizpatxo txikiekin!», dio pozik. «Dena gustatzen zait hemen! Dantzatzea, patinetan ibiltzea... Iratxeko kanpinera joan ginen eta erori egin nintzen! Udara eskaiolarekin hasi nuen!», kontatzen du alai.
Fatmak, berriz, 6garren urtea du hemen, Mirari Mujika eta Joseba Iturberen etxean. «Nik ere bi ahizpa ditut hemen! Dantza egiten dugu, eta parranda! Eta asko gustatzen zaizkit pistina eta hondartza!».
Ederki moldatzen dira biak Hernanin, bertako familia eta lagunekin. Gaztelania ere primeran menderatzen dute, «eta euskera ere bai, pixka bat». Salka, berriz, lotsatiagoa da, eta gaztetxoagoa. Horregatik, lagundu egiten diote. «Lehenengo urtea du hemen, eta faltan botatzen ditu etxekoak. Guk ere bai pixka bat, baina oso ondo egoten gara hemen eta han». Baina Salkak ere berehala ahaztu ditu lotsak, eta azaldu du: «asko gustatzen zait margotzea, eta igeri egitea, eta patinetan edo bizikletan ibiltzea... Eta espagetiak eta pizza! Baina arraina ez!».
Oporretara ere atera dira kanpora, familiekin: Benidorm, Iratxeko kanpina, Salou, Port Aventura, Madril, Errioxa...
«Bero egiten du»
Beren bizitokiko egoeraz ere hitz egiten dute, batez ere, Fatma eta Fatimetuk, helduagoak baitira. «Beroa pasatzen ari dira, baina ondo daude».
Janaria, berriz, konpartitu egiten dutela azaldu dute: «dagoena banatu egin behar izaten dugu Saharan; hilean kilo eta erdi arroz izaten dugu bi pertsonako». Maialen Torres begiraleak azaldu duenez, «egoera zaila da, eta ez da beti janari kopuru bera iristen. Batzuetan gutxiegi».
«Errepikatzeko moduko esperientzia»
Hiru haurrak etxean hartu dituzten familiek ere, hitz onak besterik ez dituzte, esperientzia deskribatzeko. Hala ere, denen egoera ez da berdina.
Mujika-Iturbetarren etxean hartzen duten bigarren umea da Fatma, eta 12 urte dituenez, azken urtea izango du. Arraras-Kijeratarren etxean, berriz, hirugarrena da Fatimetu, eta honek ere azken urtea du hau. «Urduri gaude! Zulo ederra utziko digute alde egitean! Deskantsatu ere egingo dugu, ume mugituak baitira. Baina pena haundiarekin geldituko gara».
Estibariz-Lunatarren etxean, berriz, lehenengo urtea izan da ume bat ekarri dutena. «Oso esperientzia aberasgarria izan da, errepikatzeko modukoa. Bizitza aldatzen dizu. Hasieran urduri geunden, baina 10 urteko ume batekin izan ditzakezun arazotxo normalak besterik ez ditugu izan Salkarekin. Oso irekia da eta ederki ibili da! Gure alaba zaharrenarekin ateratzea gustatu zaio gehien!».
Denek egin dute bat balorazioa egitean: «merezi duen esperientzia da. Familiaren inplikazioa behar da, baina denok ikasten dugu asko. Solidaritate kontua ere bada. Eta nabarmentzekoa da Udalaren laguntza eta babesa».