Ezin hobeto hasi dute denboraldia pelotari hernaniarrek. Lehengo astean lehenengo txapela ekarri zuten etxera Aizpitartek eta Esnalek, Zarauzko Zaporra torneoa irabazita.
Asteburu honetan, berriz, pelotari hernaniarrek beste bi txapela lortu dituzte, Burlatan eta Donostiako Aste Nagusian.
Burlatako finalean bi hernaniar
Ostiralean jokatu zen Burlatako torneoko finala, eta bertan aurrez aurre aritu ziren bi hernaniar. Izan ere, Ioritz Arrietak Ibai Arratibel ataundarrarekin jokatu zuen, Paul Ojuel hernaniarraren eta Huarteko Josu Linzoainen aurka. 22 eta 9 irabazi zuten Arrietak eta Arratibelek.
Hasieran nahiko berdinduta ibili ziren bi bikoteak. Baina Linzoain nekatu egin zen, eta Ojuelek ezin izan zuen Arrietak eta Arratibelek jarritako erritmoarekin. Izan ere, Arratibelek pelotea dominatu zuen, eta Arrietak, guztia alde zuela, partidua erabaki, mota guztietako jokaldi eta erremateak eginez.
Donostian ere, Hernani nagusi
Asteburuko bigarren finala larunbatean jokatu zuen Hernanik, Donostiako Aste Nagusian. Markel Lizeaga hernaniarrak Iñaki Lizaso zizurkildarrarekin jokatu zuen Aste Nagusiko torneoko finala Trinitate plazan, eta 22-17 irabazi zuten Usurbilgo Huizi-Arrieta bikotearen aurka.
Partiduaren erdialdera arte atzelariek jarri zuten erritmoa, eta etengabeko berdinketa izan zen nagusi markagailuan. Hortik aurrera, Lizeaga nagusitu zen atzean, garaipena lortu arte.