Etxaferoak prest, festarik zaratatsuenerako

Kronika - Erredakzioa 2014ko abu. 19a, 02:00

Ostiraletik igandera ospatuko dira Portu auzoko festak. Urteroko ekintza jendetsuenek bere tokia izango dute aurten ere: asto karrera, sardin-jatea, sagardo-dastaketa, lorontzi lehiaketa... Lehengo urteko berrikuntzak ere mantendu egin dira egitarauan.

Udako oporrak bukatzeko gero eta gutxiago falta den arren, gertu dira Portuko festak, beti bezala, azken jai egunei umorea eta giro ona jartzeko.
Ostiralean hasiko dira San Joan Txiki festak, eguerdiko 12:00etan botako den txupi­na­zo­arekin, eta igandean buka­tu, zezensuzko eta trakarekin.

Haurrentzako txokoa
Aurten ere haurrei zuzendu­tako ekintzak prestatu dira. Ostiralean bertan, txupinazoa­ren aurretik marrazki eta pin­tura lehiaketa egingo dira. Bes­talde, umeek aukera izan­go dute jolasteko haurren parking-ean, eta arratsaldean haur jolasak egingo dira: zaku-karrera, aulki-jokoa, lo­ko­txak... Indarrak berreskura­tze­ko, berriz, txokolatada izango dute.
Larunbatean berriro ere haur jolasak izango dira goizean, eta arratsaldean, zin­ta karrera eta pailazoak.

Zaldi-deman errebantxa izango da: Paollaren zaldiak Urnietako Azkonobietarena gainditu dezakeela demostratu nahi du.

Lorontzi lehiaketa, asto karrera, sardin-jatea eta sagardo-dastaketa ezin falta
Urtero ikusmin haundia sortzen duten ekintzak ere ez dira faltako aurten. Ostira­lean XXIV. Sardin Jatea egin­go da 20:30etan, eta aurretik, auzoko lorontzi ederrena nork duen jakingo da. Larunbatean, tiro karabi­na eta mus txapelketa izango dira; azken hau, Pe­dro Mari tabernan. Eta nola ez, asto karrera ospetsua ere egingo da arratsaldeko 18:00e­­­tan. Aurtengoa 63ga­rrena izango da, eta baliteke beteranoenek gazteenei tokia egitea. Bestalde, igandean, izango dira pelota partidua, meza, bertsolariak, toka eta bote txapelketa, bazkaria, eta nola ez, sagardo lehiaketa, betiko moduan trikitilariek alaituta. Gainontzean, gauero izan­go da musika: Kalez Kale Kan­tari, Laiotz, BH Roja, The Zepo...

Paolla, errebantxa bila
Lehengo urtean antolatu zen lehenengo aldiz zaldi-dema Portun, eta Urnietako Azko­no­bie­taren zaldia izan zen garaile, orduan. Aurtengoan, Paollak errebantxa bota dio. Igan­dean, 19:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!