Azkeneko momentura arte, festa nagusituko da

Kronika - Erredakzioa 2014ko abu. 18a, 02:00

Gaur bukatuko dira Amabirjin jaiak Goizuetan. Agur esateko unea iritsi arte, ordea, festa nagusituko da: Peña izanen da protagonista, gaur.

Hainbeste barre, dantza, jolas, janari eta edariren ondoren, iritsi da azkeneko eguna, Goizuetako Fiestetan. Agur esan beharko diete jaiei, gauerdia heltzen denean. Baina bitartean, festa nagusituko da Goizuetan, azkeneko momentura arte.
Peñaren eguna izanen da gaurkoa, eta beraz, Peña izanen da protagonista nagusia, egun osoan zehar. 12:30etan eginen du irteera, Umore Ona peñak. Eta orduantxe hasiko dira frontoian, pelota partiduak.

Peñaren bazkaria
Eguerdiko 15:00etan izanen da Peñaren bazkaria. Txar­telak aurrez erosi behar dira, Amaia kafetegian, 30 euroan. Eta bazkalostean, kalejira eginen dute, zezenak ikustera joateko.

Fiesten amaierako ekitaldia, Igandea txarangarekin
Eguna amaitzen denean, gauerdian hain justu, agur esango diete Fiestei. Amaierako ekitaldia eginen dute, Igandea txarangarekin. Baina festa giroa pixka bat gehiago luzatuko da: dantzaldia izanen da Gabezin taldearekin, eta ondoren, azken saioa emanen du Igandea txarangak, Gaztetxean.

Lehiaketak protagonista, atzo
Gaur Peñak hartuko badu protagonismoa, atzo lehiaketak izan ziren hizpide: bakailo lehiaketa eta mus txapelketa.

Igandeko argazkiak

PEÑAREN EGUNA, gaur
12:30 Umore Ona peñaren irteera
12:30 Pelota partiduak: gazteak: Salaberria-Etxeberria/Aurreko­etxea-Alberdi; eta afizionatuak: Uitzi-Lizeaga/Narbarte-Zabaleta
15:00 Peñaren bazkaria
*Txartelak Amaia kafetegian
17:00 Peñaren kalejira.
Jarraian, zezenak.
00:00 Fiesten bukaerako ekitaldia, Igandea txarangarekin. Segidan, dantzaldia Gabezin taldearekin. Ondoren, Igandea txarangaren bukaera, Gaztetxean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!