«Ateak denontzat dauzka zabalik, Arrisala elkarteak. Eta nahi dugu bertako jendea ere joatea, ikusteko denak ez garela berdinak, gaizkileak. Gure artean ere, gehien-gehientsuenak pertsona onak gara», dio Mohammed Debbahk, Arrisala elkarteko presidenteak. Orain hiru hilabete sortu zuten Hernanin, herrian urte pila bat zeramatzaten lau lagunek.
Helburu nagusi bat dauka elkarteak: integrazioa. Eta horretarako, «bertakoen eta kanpokoen arteko harremanak» sustatzen ditu Arrisalak. Ekintza asko antolatu ditu honezkero, ideia hori oinarri hartuta, eta beste asko dauzkate buruan, hurrengo hilabeteetan martxan jartzeko.
Futbol txapelketa, hizkuntza ikastaroak, bazkari-afariak...
Futbol txapelketa antolatu zuten aurrena, uztailean. Zortzi talde aritu ziren: sei Afrikakoak, brasildarra bat eta euskalduna bestea. Ondoren, Ramadana amaitu eta hurrengo egunean, bukaerako festa egin zuten Atsegindegin. 180 lagun inguru bildu ziren bertan. Eta Ramadan garaian ere, egunero antolatu zituzten bazkari publikoak.
Orain, hizkuntza ikastaroak antolatzen ari dira: euskara, gaztelera, arabiera, frantsesa eta ingelesa erakutsiko dituzte. Horrekin, guztion arteko komunikazioa erraztea bilatzen dute: «askotan, bertako ama bat eta kanpoko bat, haurren zain daude eskolan, eta ez dute hitz egiten, ez dakitelako nola elkar komunikatu. Gainera, oso garrantzitsua da amak bertako hizkuntza ezagutzea, haurrak hezteko garaian», dio Debbahk.
Beste ideia asko ere badituzte: sukalde tailerrak, «emakumeak elkartzeko»; eta futbol talde bat ere osatu dute, beste talde batzuen kontra jokatzeko. Irteerak ere egin nahi dituzte, edonorentzat: «horrela, ziur hizketan jarriko direla, bertakoak eta kanpotik etorriak».
Zikuñagan daukate lokala, 20garren poligonoan, 4garren zenbakian. Tea hartu, errezatu edo afaltzeko biltzen dira bertan.
Ideia, gazte lokaletatik
Gazte lokaletatik hartu zuten ideia, Arrisala elkartea sortzeko: «pentsatu genuen, guk ere eduki genezakeela horrelako bat, nahi genuena egiteko». Hiru bilera egin zituzten Biterin, bertan bizi diren atzerritarrekin, eta ideia martxan jartzea erabaki zuten: «baina modu erregulatuan egin nahi genuen, kultur elkarte bezala, eta uneoro Udalari jakinaraziz, denek jakin zezaten zer egiten genuen».
Elkarte izatea onartu zietenean, lokal bila hasi zen Arrisala. Eta orduan ere, Udalari aurkeztu zioten eskaera. Zikuñagan aurkitu zuten, «toki on bat»: 20garren poligonoan, 4garren zenbakian.
Bertan biltzen dira, tea hartzeko, errezatzeko edo otorduak egiteko: «20-30 pertsona biltzen gara, eta asteburuetan 50-60 ere bai; ekitaldiren bat dugunean, berriz, ehundik gora elkartzen gara!». Naziotasunak anitzak dira haien artean: Marruekos, Argelia, Mali... Eta euskaldunak ere bai. «Edozein pertsona hartzen dugu, nongoa den kontuan hartu gabe», nabarmentzen du Debbahk.
Hizkuntza ikastaroak antolatuko dituzte, irailetik aurrera: euskara, gaztelera, arabiera, ingelesa eta frantsesa. Helburua: komunikazioa erraztea.
Gazteak biltzeko saiakera
Gazteak elkartean biltzeko, saiakera egiten ari da Arrisala, eta gero eta gehiago animatzen dira, orduak bertan pasatzera: «bide onetik eraman nahi ditugu; erakusten diegu beraien ekintzek guztiongan dutela eragina: batek gaizki jokatuz gero, guztion irudia kaltetzen du».
Bazkide egiteko aukera
30 bazkide ditu Arrisala elkarteak, eta beste 40-50 pertsonak diruz laguntzen dute, kuota fijorik gabe. Bazkide egiteko, nahikoa dabertara joatea. 10 eurokoa da hileko kuota.