Urtero bezala, egun polita eskainiko diote san Rokeri, Aranon eta Astigarragako Santiomendin. Giro ederrean pasako dute eguna, txistu, dantza, jan-edan eta kalejira artean. Ondo pasatzeko aukera, behintzat, ziurtatuta dago.
Meza egingo dute 11:00etan, Aranoko San Roke ermitan eta Santiomendiko Done Jakue ermitan. Aranon, gainera, txistulariek gidatuko dute elkarretaratzea. Herriko plazan bilduko dira, leku askotatik etorritako txistulariak: Hernani, Bartzelona, Iruña, Lekeitio... Eta Aranokoak ere bai, noski!
Kanpai-jotze saioa, Antonio Ezeizaren eskutik
Segidan, kanpai-jotze saio bat eskainiko du Antonio Ezeizak, Aranoko San Martin parrokiatik. Eta orduan, San Roke ermitara abiatuko dira elkarrekin, txistulariek markatutako erritmora.
Mezaren ondoren, Santiomendin dantza saioa izango da, Astigar dantza taldearen eskutik. Aranon, berriz, pelota partidua izango dute ikusgai, eta ondoren, kalejira egingo dute herriko kaleetan barrena, txistularien laguntzaz.
Herri bazkaria eta betizu-jatea
Eguerdia iristen denean, bazkari goxo bat egitera joango dira. Santiomendin, Labeleko betizua jango dute. Horretarako, txartelak salgai daude, Ikatza tabernan.
Aranon, Kontzeju tabernan egingo dute herri bazkaria. Apuntatzeko, tabernara bertara deitu behar zen, aurretik.
Eta arratsaldean, musika eta kantua protagonista. Alaiki taldeak jarriko du bizitasuna Santiomendin, 17:30etatik aurrera. Eta Aranon, kantuan despedituko dute San Roke eguna, Agur Jaunak abestuz.
Jende asko eta giro ederra atzo Santiomendin, eguraldiak lagundu gabe ere
Atzoko festaren segida izango da gaurkoa, Santiomendin. Auzoko jaiak ospatu zituzten, eta eguraldia kaskarra izanda ere, jende asko igo zen, eguna konpainia onean pasatzera.
Sekulako tirada izan zuten sagardoak eta pintxoek, eta tripa bete ondoren, zaldi dema ikusteko elkartu ziren. Orioko Imanol Etxeberria aritu zen aurrena, plazak egiten, eta Urnietako Mikel Garaialde ondoren. Proba amaitutakoan, bazkari goxo bati egin zioten tartea.
Arratsaldean, irudi politak egin zituen egurrarekin, Mikel Lasarte nafarrak. Toka txapelketarekin eta afari umoretsu batekin bukatu zuten eguna.
SANTIOMENDIN, Done Jakue ermitan
11:00 Meza
12:00 Astigar taldeko dantzariak
14:00 Labeleko betizu-jatea
*Txartelak salgai Ikatza tabernan
17:30 Alaiki musika taldea
ARANON
10:15 Txistularien elkartzea, Herriko Plazan
10:30 Kanpai jotze saioa, Antonio Ezeizarekin, San Martin parrokiatik
10:40 Txistularien irteera San Roke ermitara
11:00 Meza, San Roke ermitan, Esteban Irurzun parrokoaren eskutik
12:15 Pelota partidua
13:30 Kalejira txistulariekin, herriko kaleetan
14:30 Herri bazkaria Kontzejun
19:00 Festei agurra, Agur Jaunak kantatuz