«Pauso bat gehiago eman dut, ea hurrengoan beste bat egiten dudan»

Kronika - Erredakzioa 2014ko abu. 15a, 02:00

Final zortzirenetan bukatu da, Endika Barrenetxearen Buruz Buruko Txapelketa. Utergaren kontra galdu zuen, 20-30. Baina pozik dago egin duen torneoarekin: «onenekin tartea gero eta txikiagoa da».

Horma haundiegia izan zen Uterga atzo, Endika Barrene­txea­rentzat. «Oso partidu ona egin du, asko asmatu du», kontatu zion hernaniarrak Kronikari, partidua amaitu berritan. 20-30 galdu zuen, final zortzirenetan, eta Buruz Buruko Txapelketa hortxe amaitu da beretzat. Baina po­zik dago, egin duen lanarekin: «pauso bat gehiago eman dut txapelketa honetan, eta ea datorren urtean beste bat egiten dudan».
Zaila espero zuen partidua, eta zaila izan zen. Parekatuta hasi ziren, eta Utergak au­rre­neko aldea hartu bazuen ere, berehala irauli zuen mar­ka­gai­lua Barrenetxeak: 4-7 gal­tzetik, 11-8 irabaztera pasa zen. «Hasieran eroso sentitu naiz, eta asmatu dut. Berari kon­trakoa pasa zaio; aurreneko partidua zuen buruz buru, eta kosta egin zaio sartzea».

«Gero eta hobeto aritu da»
Momentu txarrari berehala eman zion buelta, Utergak. «Gora egin du partiduan zehar, gero eta hobeto aritu da», zioen Barrenetxeak. Eta eroso sentitu zenean, parti­dua hau­tsi zuen donez­te­barrak: 13-13 ber­dindu, eta 19-13 jarri zen, zuzenean. «Momentu horre­tan, tanto asko egin dizkit sa­kez, eta nik ere hutsak egin ditut».
Atzetik egonda ere, saia­tzen jarraitu zuen Barrene­txeak: «kontzentratuta egon naiz, partidu osoan». Baina asmatzen jarraitu zuen Uter­gak, eta une batean, «par­ti­du­tik atera» ere egin zen pix­ka bat, hernaniarra: «mo­men­tu batzuetan, ez dut garbi pen­tsa­tu, zer joko egin behar nuen».

«Ohiko jokutik atera naiz, bera nahastu nahian»
Ezer galtzeko ez, eta jokoa aldatzen hasi zen Barrenetxea: «bera nahastu nahian, ohiko jokutik atera naiz: sakeei atze­tik erantzun, zabalera sa­ka­tu...». Trikimailuak ondo atera zitzaizkion, eta moztu zituen Utergaren takadak, baina or­duan, bi falta egin zituen saka­tzen: «ez dut asmatu pelota aldatzen; pisutsuegia zen».
Azkenean, ezinezkoa izan zen gertura­tzea, eta tartea man­tendu egin zuen Utergak, partidu bukae­rara arte. Baikor begiratzen zion marka­gai­lu­a­ri, Barre­ne­txe­ak: «Uterga dago­en mo­du­an, 20 tanto egitea ez da gutxi; ea datorren urtean 5 gehiago di­ren, eta hurrengoan irabaz­teko moduan nagoen».

«Defentsan hobetu dut, eta horrek puntuak eman dizkit»
Jokuz, ondo ikusi da herna­nia­rra, txapelketa honetan: «de­fen­tsan hobetu dut, eta horrek puntu asko eman dizkit». Hala ere, «oraindik hobetzeko asko» falta zaiola uste du.
Txapelketako final laur­de­nak, harmailetatik ikusi behar­ko ditu: Etxeberria IV eta En­di­ka ariko dira bihar, aurre­ne­ko­an; eta Uterga eta Ez­ku­rra, osa­tzen bada, datorren oste­gu­ne­an. Semifinaletan, San Miguel eta Urriza dituzte zain.

Beste hiru partidu, atzo
Buruz burukoaz aparte, beste hiru partidu gehiago izan ziren atzo: Matxin IV-Larrañaga 33/
Ezkurra II-Labaka 35; Urriza-Ion 18/Zeberio II-San Miguel 26 (sus­pendituta); Matxin III-Aiz­puru III 40/Etxabe II-Zubiri 35.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!