Eguraldi goibelari, festa giro ederrarekin erantzun zioten Goizuetan. Ez zien egun haundia zapuztuko, ez horixe! Txupinazoarekin eman zioten hasiera, eta bandera jaso zuen Joxe Ramon Aierzak. Asteasuko zinegotzia da, eta urtero izaten da, Goizuetako festetan.
Berehala hasi zen mugimendua, txoko guztietan: erraldoi eta buruhaundiak plazan, brindisa txosnan, eta triki-poteoa tabernetan. Ondoren, Gazte Bazkaria egin zuten. Eta gauean ere ez zen ixildu Goizueta: dantzaldia, kontzertuak, disko jartzaileak... Eta igandea txaranga, atzoko eguna gaurkoarekin lotuz.
Aurreneko entzierroa, gaur
Amabirjin Egunean izanen da aurreneko entzierroa, Goizuetan. Ondoren, meza eta prozesioa eginen dituzte, eta pelota partiduak jokatuko dira.
Arratsaldean, bertso saioa ere izanen da, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasorekin. Eta ondoren, afari herrikoia eginen dute, Umore Ona elkartean. Txartelak salgai daude, Amaia kafetegian: ikasle eta langabetuek 15 euro, gainerakoek 18. Gaur ere, musikak jantziko du gaua.
AMABIRJIN EGUNA, GAUR
08:00 Entzierroa Lasturko zezenekin
10:30 Meza. Ondoren, prozesioa.
12:00 Pelota partiduak: infantilak: Aizkorbe-Apezetxea/Telletxea-Mata; eta afizionatuak: Arteaga-Murgiondo/Ugalde-Aizpuru
18:00 Zezenak
19:30 Bertso saioa: Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso
21:30 Afari herrikoia
*Txartelak Amaia kafetegian
23:00 Kontzertuak plazan: Glaukoma, Iheskide eta McOnak. Tartean kalejira, eta ondoren DJ Bull Gaztetxean.
04:00 Kalejira, Igandea txaranga