Ibi zerga ordaintzeko dirulaguntzak emango ditu Udalak, eskaerak ondo egiten dituztenentzat. Laguntza izango da 2013ko IBIa ordaintzeko.
Dagoeneko 2013ko ur-hornidura eta zabor-bilketa tasak ordaintzeko laguntza eskatu dutenek ez dute berriro eskaera hau egin behar; baldintzak betetzen badituzte, zuzenean aplikatuko zaie.
Zuzenean emango zaie dirulaguntza hau 2013ko ur-hornidura eta zabor-bilketa tasak ordaintzeko laguntza eskatu dutenei. Ez dute eskaera hau egin behar.
Dirulaguntza eskuratzeko baldintzak
Dirulaguntzak bi motatakoak izango dira: 2013ko IBI zergaren %50eko edo %25eko deskontua aplikatuko da, eskatzaileen familiako irabazien arabera.
Ondorengo baldintzak betetzen dituztenei %50eko deskontua aplikatuko zaie: etxean bizi den pertsona bakarra denean eta urtean 8.305 euro azpiko irabaziak baditu, edo pentsiodunen kasuan, 9.437,56 euro azpikoa; etxean bi pertsona bizi direnean eta urtean 10.664,45 euro azpiko irabaziak baditu, edo pentsiodunen kasuan, 11.796,95 euro azpikoa; eta etxean 3 pertsona edo gehiago bizi direnean eta urtean 11.797,01 euro azpiko irabaziak baditu, edo pentsiodunen kasuan, 12.740,71 euro azpikoa.
Baldintza hauek betetzen dituztenei, berriz, %25eko deskontua aplikatuko zaie: etxean bizi den pertsona bakarra denean eta urtean 11.915,75 euro azpiko irabaziak baditu, edo pentsiodunen kasuan, 13.048,31 euro azpikoa; etxean bi pertsona bizi direnean eta urtean 14.292,865 euro azpiko irabaziak baditu, edo pentsiodunen kasuan, 15.425,42 euro azpikoa; eta etxean 3 pertsona edo gehiago bizi direnean eta urtean 15.311,99 euro azpiko irabaziak baditu, edo pentsiodunen kasuan, 16.255,74 euro azpikoa.
Eskaerak, erregistroan
Eskaerak egiteko epea bi hilabetetakoa izango da, irailaren 1etik urriaren 31ra artekoa. Udaletxeko erregistroan aurkeztu beharko dira, ondorengo ziurtagiriekin batera:
Batetik, NANaren fotokopia (DNI) eta 2013ko urtarrilaren 1ean etxe horretan erroldatuta zeuden guztiek jasotako 2013ko irabazien egiaztagiria. Egiaztagiri hori izan daiteke 2012ko errenta aitorpena edo aitorpenik egin behar ez dutenek, ziurtagiria. Lan etekinak eduki eta aitorpenik egin behar ez dutenek, berriz, 10T edo nominak eta INSSren ziurtagiria. Eta prestazioaren bat jasotzen dutenek, prestazio horren inguruko ziurtagiria.
Bestetik, aurkeztu behar da dirulaguntza eskatzen duenaren izenean dagoen IBIaren ordainagiria, eta etxebizitzaren balio katastralak ezin du 153.000 baino gehiago izan.
Era berean, familiako kideren bat ikasten ari bada ziurtagiria ere aurkeztu behar da.
Azkenik, kontu korronte zenbakia eraman behar da.