Musikaren hariak ez du etenik izanen Goizuetan, fiestak hasten diren momentutik. Denetik egonen da, une bakoitzari doinu egokiena jartzeko: txarangak, kontzertuak, dantzaldiak, disko jartzaileak... Ostiral gaua, gainera, Kontzertu gaua izanen da herriko plazan.
Indartsua izanen da, abuztuak 15eko gau hori. Hasteko, Glaukomak joko du, 23:00etan hasita. Rap-reggae estiloa egiten dute. Kontzertua bukatzean, kalejira izanen da plazan, bigarren kontzertuari bidea egiteko. Ondoren, Iheskide punk-rock taldeak hartuko du segida.
Estiloen barietateari jarraipena emateko, McOnak taldea igoko da eszenatokira jarraian. Post punka eta folka nahastuko dituzte, entzuleen gozamenerako.
DJ Bull eta txaranga, gauari bukaera emateko
Plazako kontzertu sorta bukatuta, disko jartzaileak jarriko du erritmoa, Gaztetxean. DJ Bull ariko da, denak dantzan jartzeko asmoz. Eta gaua modu alaiean amaitzeko, Igandea txaranga irtengo da, eta kalejira eginen dute gautxoriek.
Egun guztiak, musikaz blai
Ostiralekoa izanen da kontzertuen gaua, baina musika egunero egonen da, momentu guztietan. Bihar bertan, dantzaldia izanen da Joxe Angelekin, eta txupinazoaren egunean, Gabezin taldeak jarriko ditu herritarrak dantzan. Dantzaldi bana izanen da azkeneko hiru gauetan ere: Laiotz, Eromeria eta Gabezin taldeekin. Eta Gaztetxean ere, kontzertu sorta zabala izanen da.