Aurrera jarraituko du Ziraba proiektuak. Beste urtebeterako onartu du dirulaguntza Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta proiektuaren %55 finantzatuko du. Gainerakoa, Hernaniko Udalak hartuko du bere gain.
Iaz jarri zuten martxan Ziraba proiektua, bost eragilek elkarlanean: Hernaniko Udala, Ereñotzuko Auzo Udala, Dobera Euskara Elkartea-Kronika, Txirrita eskola eta Aranzadi elkartea. Helburua da, Hernaniko ondare naturala ezagutzera ematea.
Arlo ezberdinak elkartuta, proiektu batean
Proiektua aurkeztu zenean, nabarmendu zuten arlo ezberdinek bat egiten dutela: hezkuntza, zientzia, auzolana, euskera, dibulgazioa...
Hezkuntzari dagokionean, Txirrita eskolako haurrek, unitate didaktiko bat jaso dute aurten, proiektuaren inguruko ikasgaiekin. Dirulaguntza urtebetez luzatuta, moldatu egingo dute, beste edozein ikastetxetan ere emateko.
Aurreneko urtean, 13 ekintza
Proiektuaren lehenengo urtean, 13 ekintza antolatu dituzte. Horietan aurrenekoa izan zen, Epelen putzu bat egitea, narrasti eta anfibioentzako. Auzolanean egin zuten putzua, iazko urrian.
Ondoren, ikertzaile lanetan ibili ziren Txirrita eskolako haurrak. Dobera-Kronikak, berriz, bilketa lan bat egin du hilabete guzti hauetan, jakiteko nola deitzen zaion Hernanin, anfibio eta narrasti espezie bakoitzari. Horretarako, anfibioen fitxak argitaratu dira.
Helburua da Hernaniko ondare naturala ezagutzera ematea, arlo ezberdinak elkartuta.
Ondare naturala ezagutzera emateko ekintzak
Beste ekintza asko ere burutu dituzte aurreneko urtean, herriko ondare naturala ezagutzera emateko: hitzaldiak, liburuak, ikerketak, pelikulak, mendi bueltak... Asmoa da horrelakoak antolatzen jarraitzea, beste urtebetez.
Eskerrak, denei
Ziraba proiektuak eskerrak eman nahi dizkie bost eragileei, posible egiteagatik, eta herritarrei, parte hartzeagatik.