Donostiako Aste Nagusian joko du Ibon Casas y La Fonda taldeak, gaur. Bulebarrean izango da, 23:30etan. Conciego ederra emango dutela dio Ibon Casasek, eta horrela, Dame TVision proiektua indartuko dela. Helburua da, berak pairatzen duen retinosis pigmentaria gaixotasunaren kontra borrokatzea. Elkartea ere sortu dute uztailean, Hernanin bertan. Apenas ikusten du Casasek, baina asmo haundiak dauzka buruan.
Nolakoa izango da gaurko kontzertua?
Oso polita izango da, halako festa inportanteetan jotzea. Kontzertua baino, Conciego bat izango da gurea, rock itsua egiten baitugu. Gainera, plus haundiak izango ditugu: batetik, Sherpak, Baron Rojoren musikariak, Apaga la luz y verás abestiaren bere bertsioa aurkeztuko du. Eta bestetik, pertsona batek kontzertua interpretatuko du, gorrentzat.
Blind rock edo rock itsua da egiten duzuena. Zer da?
Nik defendatzen dudan estiloa da. Itsuek bakarrik ez, edonork egin dezake rock itsua, begiak itxi eta konposatzen jarrita.
«Apaga la luz y verás da Dame TVision proiektuaren kanta, eta 30 bertsiotik gora egin dira: Donostiako Orfeoiak badu berea»
Zer dauka berezia, Apaga la luz y verás abestiak?
Dame TVision proiektua martxan jartzean, kanta hori munduari oparitu nion interneten, nire errepertoriotik, rock itsua defendatzeko. Eta honezkero, 30 bertsiotik gora egin dituzte, jende ezagunak (Donostiako Orfeoia, Vigoko Casablanca Koroa...) eta ezezagunak.
Zertan datza Dame TVision proiektua?
Musikan ibilbide luzea egin ondoren, iritsi zen momentu bat non erabaki behar nuen: dena utzi edo reinbentatu. Bigarrena hartu nuen, eta pelikula bat egin nahi dut, hiru helburu dituena: blind rocka defendatu; erakutsi dena egin daitekeela, bakarrik agian ez, baina elkar lagunduta bai; eta retinosis pigmentaria gaixotasuna inbestigatzeko dirua lortu. Pelikula egiteko, jendeari eskatzen diot bere begirada uzteko. Horretan datza proiektua.
«Elkartea sortu dugu uztailean, Hernanin. Orain arte egin dugun zarata guztiarekin, ezin dugu dena galdu»
Elkartea sortu duzue orain, Hernanin bertan.
Bai, uztailean sortu genuen. Izan ere, orain arte egin dugun zarata guztiarekin, ezin dugu dena galdu. Pertsona fisiko bezela egindakoari, forma juridikoa ematea da elkartea sortzea. Bestela, honek ez du etorkizunik. Eta posible bada, aurrera begira Fundazio bilakatu nahi dugu.
Zer da retinosis pigmentaria delakoa?
Gaixotasun arraro bat da, ikusmena erabat galtzera eramaten gaituena. Espainian 10.000 pertsonak daukagu, 4.500 biztanletik batek. Bi sintoma nagusi ditu: argi gutxi dagoenean oso gutxi ikusten dugu, taberna batean sartzean adibidez; eta ikusmen tubularra, gure ikuseremua oso mugatua dela, aurrekoa bakarrik ikusten dugu. Hori da gaixotasuna garatu gabe dagoenean, baina denborarekin, erabat itsu geratzen gara. Ez dauka sendabiderik, ez frenorik.
Nola lagundu dezake jendeak?
Modu askotara: webgunean sartuta www.dametvision.com, Facebooken Atsegin dut klikatuz, gure txioak retweeteatuz... Kamisetak ere badauzkagu, eta laster kontu korronte bat jarriko dugu, nahi duenak donazioak egiteko.