Ez zuten nolanahiko eguna pasatu atzo Goizuetan. Goizean goiz abiatu ziren aurorak, 08:00etan, herria esnatzera. Segidan Irumaita txaranga ibili zen atzera eta aurrera.
Ordurako herriko gaztetxoenak kalean ziren, eta egun osoan zehar jai giro ederrean ibili ziren. Ederki erakutsi zuten Goizuetako belaunaldi berriek ere ederki ikasia dutela fiesta zer den.
Amaia kafetegian daude salgai ostegun, ostiral eta asteleheneko bazkari eta afarietarako txartelak.
Goizeko 11:00etako mezaren ondoren, jendea bildu zen pilota partiduak ikustera. Eta segidan, umeen bazkaria egin zen. Bapo bazkaldu ondoren, berriz, gozatu ederra hartu zuten Lasturko zezen eta pottokekin. Baina bereziki, espuma festarekin. Aurorak, berriz, umeen pare ibili ziren!
Atzoko giroa ikusita, ez da erraza izango parranda gogoarekin ostegunera arte zain egotea. Orduan botako du txupinazoa, eguerdiko 12:00etan, Asier Olaizolak.
Astelehenera arte luzatuko dira fiestak, eta autobus zerbitzua izango da.