Hernaniarrek aspaldidanik egindako eskaera bati erantzuten dio proiektu honek. Latsunbeberri auzoa eta Urbieta kalea elkartuko dituen igogailu bat jarriko da, datorren urte hasierarako.
Kiroldegitik gora begira jarrita, Urbieta kale aldera, igogailua jarriko da orain dauden eskaileren ezkerraldean. Hiru altura desberdinetan geldituko da, eta oinezkoentzako edota bizikletentzako tokia egongo da kabinan.
3 geltoki: Urbietan, frontoian eta Latsunben
Igogailua 3 tokitan geldituko da egingo duen ibilbidean zehar. Beheko sarrera egongo da Latsunbeberrin, oraingo eskaileren ezkerraldean (eskailerei behetik gorako norantzan begira jarriz gero). Horretarako, orain dagoen altuera desberdintasuna kenduko dute. Hau da, igogailurako sarreraraino iristeko, oraingo eskaileren ezkerraldeko zonaldea berrituko dute: sarrera zabal bat egingo dute, bankuak jarriko dituzte, eta aldapatxo txikia jarriko da igogailura iristeko.
Bigarren geltokia egingo du igogailuak orain kiroldegiko frontoiko emergentzia sarrera dagoen tokian. Kolore urdineko eskailera metaliko batzuk daude orain hor. Igogailua gelditzen den tokitik kiroldegiko frontoiko emergentzia ateraino iristeko pasarela bat jarriko da, 10 metro luzekoa.
Azken geltokia goiko sarrera izango da, Urbieta kalekoa. Autobus geltokiaren on-doan dagoen esne-makinaren atzean egongo da, 23,32 metro luzeko pasarelarekin lotuta.
Guztira, 14,30 metroko altuera izango du igogailuaren ibilbideak.
Igogailua 3 alturatan geldituko da: Urbieta kalean, kiroldegiko frontoiko emergentzia sarrera parean, eta Latsunbeberri auzoan.
Kiroldegiko frontoiko emergentzia sarrera berria
Igogailuaren bigarren geltokia frontoiko emergentzia sarreran egongo da, lehen aipatu bezala. Sarrera horretan dauden eskailera metalikoak zaharkituta daude, eta segurtasuna bermatzeko ezinbestekoak dira.
Hori horrela, obra hau aprobetxatuko da eskailera horiek berritzeko. Beraz, emergentzia sarrera horretara iristeko bi bide izango dira: eskailera berritua batetik, eta igogailua, bestetik.
20 lagunentzako kabina
Diseinua eta aurreproiektua Vaumm arkitektura eta hirigintza enpresak egin du. Kabina diseinatzeko erabiltzaileen sentsazioak hartu dituzte kontuan. Horregatik, kabinako kristalak gardenak izango dira, ibilbidean zehar kanpoko aldea ikusi ahal izateko eta segurtasun sentsazioa haundiagoa izan dadin.
Gutxi gorabehera 20 lagunentzako tokia egongo da bertan. 150 x 210 x 220mm-ko neurria izango du, eta 1.500kg-ko karga hartu ahal izango du. Oinezkoek, bizikletan dijoaztenek, karroren bat daramakitenek edota gurpildun aulkia behar dutenek erabiltzeko moduko kabina izango da, espazio haundikoa. Hori bai, bizikletan dijoaztenen eta ingurukoen segurtasuna bermatzeko, derrigorrezkoa izango da bizikletatik jaitsi eta hau eskuan eramatea.
Igogailuko kabinaren kristalak gardenak izango dira, eta 20 lagun kabituko dira.
Kiroldegiko frontoiko emergentzia sarreran dauden eskailera metalikoak berritzeko aprobetxatuko da obra hau.
2015 urte hasierarako bukatua
Uztailaren 25eko Gobernu Batzordean onartu zen proiektua, kontratazioarekin hasteko. Obrek lau hilabete eta erdi iraungo dutela kalkulatuta, eta lanean laster hasiko direla kontuan izanda, 2015 urte hasieran igogailua prest egongo dela uste da.
Guztira, aurrekontua 539.941,30 eurokoa da. Bertan sartuta daude obra egin ahal izateko beharrezkoak diren terreno azterketak (Aymat Geoteknikak eginak), arkitektuen diseinuak, obrako materialak eta langileak.
Hernaniko bigarren igogailua
Latsunbeberri eta Urbieta kalea elkartuko dituen igogailu berri hau bigarrena izango da Hernanin.
Lehenengoa izan zen apeaderoa eta Kaxkoa lotzen dituena. Igogailu hori 2008ko abendu bukaeran hasi ziren egiten, eta 2009ko San Joanen aurretik inauguratu zen.
Igogailu berria horren antzekoa izango da itxuran.