Zuk botako duzu txupinazoa, Goizuetako festetan.
Ilusio haundia egiten dit. Bigarren aldia izango da, gainera, eta deitu zidatenean, sorpresaz hartu nuen. Berehala esan nuen baietz, bota nahi nuela. Herriko festetan txupinazoa botatzea, ohore haundia da. Eta asko eskertu behar diot herriari, aukera hau ematea.
Zure kirol-ibilbideari errekonozimendua egiten diote horrela.
Zure herriak errekonozimendu hori egitea da gauzarik haundiena, poza ematen du. Utzi nuenean ere, omenaldia egin zidaten, eta oso polita izan zen.
Goizueta ezagun egin duzue, behintzat...
Ez nuke esango Aimar eta biongatik egin denik ezagun, baina hainbeste urtetan herriko bi pelotari egonda, entzun egiten da herriaren izena.
Leitzan bizi, sagardotegia Hernanin... Zer harreman duzu herriarekin?
Lehen baino gutxiago, baina saiatzen naiz ahal dudan guztietan herrira joaten. Eta festetan, behintzat, bertan ematen ditut egun guztiak.
«Ikusi besterik ez dago zer jende pila etortzen den festetan, jakiteko bereziak direla; oso alaiak dira»
«Partidu gutxi batzuk jokatzen ditut, gusanilloa kentzeko; irabazteko obsesioa ahaztu eta gozatzeko»
Nola bizi izan dituzu festak?
Niretzako, beti izan dira festa onenak, eta beti izan dute fama haundia inguruan. Azken urteotan, lasaiago bizi ditut, parrandarako aukerarik gabe, baina egunean zehar gozatzen ditugu, gehienbat umeen atzetik.
Nolakoak dira Goizuetako festak?
Batez ere, oso alaiak. Giro herrikoia izaten da, oso polita, bai parrandarako, eta baita egunez ere. Eta kanpotik datorren jendea esku zabalik hartzen dugu. Ikusi besterik ez dago zer jende pila etortzen den, jakiteko bereziak direla.
Pelotan, ibilbidea oparoa izan duzu.
Oso pozik nago egin dudanarekin. Gustatzen zaizun zerbait eginda bizitzea ia 20 urte, pribilegio bat da. Oso gutxik dute horretarako aukera.
Partidu batzuk jokatzen dituzu oraindik ere.
Bai, Garfe enpresarekin, gusanilloa kentzeko. Baina oso diferente hartzen ditut, eta asko disfrutatzen dut jokatzen ditudan partidu gutxi horietan. Irabazteko obsesioa ahaztu, eta gozatzeko jokatzen dut.
Goizuetan ariko zara festetan, abuztuak 16an.
Normalean, jendeak ez du atsegin norbere herrian aritzea, baina niri betidanik gustatu zait asko, Goizuetan jokatzea. Aurretik zenbaitetan aritu naiz festetan, eta oso gustura aritzen naiz.
Pelotaz aparte, sagardotegia ere badaukazu.
Badira 10 urte sagardotegia jarri genuela, eta martxa hartu diogu honezkero. Eta egia esan, oso gustuko dut. Beti egin behar da zerbait desberdina, egunero ez da gauza bera egiten. Eta hortxe ibiltzen gara, buru-belarri, orain garai txarrak badira ere.