Azpeitiarren arteko lehia bizia izango da plater nagusia gaur, 16:00etan Galarretan. Aritz Etxeberriak eta Ionek neurtuko dituzte indarrak, Buruz Buruko txapelketan, eta partidu haundia espero da. Faborito argirik ez dago, eta onena eman beharko dute biek, final laurdenetara pasa nahi badute.
Elkarrekin gauza haundiak egin dituzte Etxeberria IVk eta Ionek, aurten. Aurrena, Sagardoaren txapelketa irabazi zuten, Bereziartua sagardotegiaren izenean. Torneo bikaina egin zuten, eta nagusi izan ziren finalean, Matxin III eta Etxeberria IIIren kontra.
Duela gutxi, San Fermin torneoan txapeldun
Orain aste gutxi irabazi zuten beste torneo garrantzitsu bat, bikotea osatuz. Ezkurrarekin jokatzekoa zen Ion, baina haren lesioa medio, Etxeberria IVk hartu zuen lekua. Emaitza, ezinhobea. Txapeldun izan ziren, finalean Uterga eta Barrenetxea IV mendean hartuta.
Astearte honetan bertan, elkarrekin aritu dira Galarretan, eta erakustaldia eman zuten. Baina buruz burukoa izango da gaurkoa, eta elkarren kontra jokatu beharko dute.
Biak, momenturik onenean
Sasoi onean iritsiko dira biak partidura, unerik gozoenean. Baina buruz buruko lehia ezberdina da, beste abilezia batzuk erakutsi beharko dituzte frontoian. Aurrelaria da bat, atzelaria bestea, eta estilo diferenteak dituzte.
Ion sakearekin dominatzen saiatuko da, pelota arrimatuz. Errestoan lanak izango ditu Etxeberria IVk, baina aurreko koadroetan abantaila du. Lehia oso parekatua izango da, eta ez dago faborito argirik.
Bide ezberdinak, txapelketan
Gainera, bide ezberdinetatik iritsi dira final zortzirenetara. Aritz Etxeberriak prebia jokatu zuen Aizpuru IIIren kontra; Ionek, berriz, estreinako partidua izango du txapelketan.
Bi erremontisten mailak ikuskizuna bermatzen badu, herrikideak izateak erakargarriago egingo du partidua.
Endika Barrenetxea, binakako estelarrean
Beste hiru partidu ere jokatuko dira gaur Galarretan. Tartean, Endika Barrenetxea hernaniarra ariko da Urrizarekin, Juaristi eta San Miguelen kontra. Binakako estelarra jokatuko dute, eta proba ezinhobea izango da Barrenetxearentzat, datorren osteguneko partidurako: Buruz Buruko txapelketan, final zortzirena jokatuko du, Utergaren kontra.
Arratsaldeko aurreneko partidua, Otaegi eta Larrañagak jokatuko dute, Segurola eta Labakaren kontra. Eta azkenekoan, berriz, Ezkurra II eta Agirrezabala ariko dira, Matxin VI eta Endikaren kontra, arratsalde haundi bati bukaera emateko. Erremonteaz gozatu nahi duenak, galdu ezinezko zita dauka Galarretan.