«Bi urte neramazkien hau igotzen saiatzen»

Kronika - Erredakzioa 2014ko abu. 8a, 02:00

Uztailaren 12an lortu du, azkenean, ‘Sistematik ihes’ izeneko 9A mailako bidea eskalatzea, Antton Zabala hernaniarrak. 28 besterik ez dira Espainiako Estatu osoan hori lortu dutenak. «Koxka bat gehiago igotzeak ilusioa» egin dio.

Aizpunen (Nafarroa) dagoen 9A mailako Sistematik ihes bidea eskalatzea lortu du Antton Zabala hernaniarrak. Eskalatzea, edo, kasu honetan, kateatzea; hau da, igoera deskantsurik gabe eta seguru sistema artifizialik gabe egitea, hankak eta eskuak bakarrik erabilita.

Ez da marka makala lortutakoa! Pozik?
Bi urte neramazkien bide hau igotzen saiatzen, baina hau izan da lehenengo aldia deskantsurik gabe egitea lortu dudana. Ez dakit, batzuetan ez duzu sinisten lortuko duzula, edo ez duzu zure burua prest ikusten eta ez duzu lortzen. Baina oraingoan bai. Beti erronka zaila­goen bila ibiltzen gara, eta ilusioa egin dit. Orain arte igotako biderik zailena 8C+ mailakoa zen, eta orain, beste koxka bat igo dut. Ilusioa egin dit, bai. Ez dago ondo nik esatea, baina maila ona da. Espainiako Estatuan 28ga­rrena naiz hau lortzen.

Zein da mundu mailan dagoen igoera maila zailena?
Proposamenak egin dira 9B+ mailako bide bat izendatzeko. Ez da kontu objektiboa. Kon­tua da, zenbaki bakoitzaren barruan 6 maila daudela; A, A+, B, B+, C eta C+. Eta ondoren, salto hurrengo zenbakira. Pareta berri bat igotzen baduzu edo ekipatzen baduzu, au­rretik duzun esperien­tzi­a­ren arabera, maila bat ematea proposatzen duzu. Ondoren, jende gehiagok probatzen du, eta adostu egiten da.

Kirol modalitateaz gain, egiten dituzu besteak ere?
Kirol eskaladan aritzen naiz gus­toren, baina besteak ere egi­ten ditut. Azaroan, adi­bi­dez, Bul­der egitera nijoa Fon­taine­bleau­ra, eta, bestalde, bide luzeak ere egin ditut, dezente.
Kirol eskaladan, eskuak eta hankak erabiltzen dituzu, se­guru sistema artif­i­zialik gabe, paretean aurretik jarritako anklajeak bakarrik erabilita; 30 metro arteko igoerak dira. Bulderra da, koltxoneta bate­kin eta harri txikiak igoz egiten dena. Eta azkenik, bide luzeak daude, 200 metrotik gorakoak izaten dira, nahi duzun arte. Baita 1000 edo 2000 metrotik gorakoak ere!

«Beste bide zail bat probatzen hasia naiz dagoeneko, baina ez zait gustatzen behar baino lehenago hitz egitea!».

Estiloaz gain, baduzu eskalatzaile faboritorik?
Ekaitz Maiz, adibidez. Siste­ma­tik ihes bidea berak ekipatu eta igo zuen lehenengo aldiz, eta gainera, nire sokakidea da, eta laguna. Neretzat, kristoren eskalatzailea da: modalitate asko egiten ditu eta denetan ondo moldatzen da. Bere filosofia kutsatu dit. Azken batean, ia berarekin ikasi dut orain artekoa.

Hurrengo erronka buruan daukazu?
Beste bide zail bat probatzen hasia naiz dagoeneko, baina ez zait gustatzen behar baino lehenago hitz egitea! Asmoa da eskalatzen jarraitzea tope, eta beti bezala, dena ematea.

Bestalde, txapelketetan ere ibilia zara. Baduzu baten bat buruan?
Orain dela bi urte kirol eskaladako eta bulderreko Euskal Herriko txapelketak irabazi nituen, eta lehengo urtean kiroleko modalitatean bigarren egin nuen. Aurten ere badut asmoa txapelketa hauetan parte hartzeko, eta uste dut aukera izango dudala goian ibiltzeko.

«Ez da inoiz berandu eskalatzen hasteko. Ezagutzen dut jendea 40 urte pasarekin hasi dena maila altuko bideak eskalatzen».

Eskalada denbora librean eta lanean egiten duzu, ezta?
Pio Barojan egiten dut lan, Donostian. Han denetik egiten dut: rokodromoaren manteni­mendua, ikastaroak eman... Eta aldi berean, Fortuna taldeko kirolaria naiz, eta Pio Baroja Fortunak kudeatzen du. Alde horretatik, eskerrak eman behar dizkiet laneko ordutegian ematen didaten malgutasunagatik. Bertako kiro­lari izanda, beraiei ere interesatzen zaie, eta ez didate inoiz arazorik jartzen txa­pelketa batera-edo, joan nahi dudanean.

16 urterekin hasi zinen zu eskalatzen. Ez da sekula berandu hasteko?
Ez. Ez da inoiz berandu. Eza­gutzen dut jendea 40 urte pasarekin hasi dena maila al­tuko bideak eskalatzen.

Eta nola hasten da?
Ni beste eskalatzaile batzu­ekin hasi nintzen. Osabarekin. Hori bide bat da. Baina nik go­mendioa egiten dut lehe­nen­go segurtasun arauak ikas­teko, eta ondoren, ikas­taroren bat egin edo beste eskalatzaile batzuekin has­teko. Hala ere, ez pentsatu kirol arriskutsua denik! Bere arriskuak baditu, baina gauzak ondo eginda, arazorik ez!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!