Gelditu gabe dabiltza Bitartean folk taldeko lau musikariak, iaz martxan jarri zirenetik. Taldea sortu berritan, Galesen egin zuten tourra lehengo urteko abuztuan, eta aurten ere, Europan barrena dabiltza udaran: Frantzian, Irlandan eta Galesen izango dira, hamaika kontzertu ematen. Baina badute beste nobedaderik: lehenengo diska kaleratu dute, Bidean izenarekin. Dagoeneko salgai dago, 10 eurotan, Onddi, Kixkal, Garin, Rioja eta Kitto tabernetan, eta Iparragirre sagardotegian.
Frantzian, munduko kulturen jaialdian
Europan barrena eman beharreko gira Frantzian hasi zuen taldeak uztailaren 17an; Gannat-en, hain zuzen, munduko kulturen jaialdian. Dozena bat herrialdetako partaideak izan dira bertan: Belgika, Serbia, Estatu Batuak, Kenia, Errusia, Kolonbia, Argentina, Irlanda, Vietnam edota Japon, adibidez, eta tartean, Bitartean taldea aritu da, Donostiako Gero Axular dantza taldeari laguntzen.
Hilaren bukaeran, ordea, dantza taldea Euskal Herrira itzuli zen, eta Bitartean taldeak Irlandara egin zuen salto, berezko gira hastera. Orain, berriz, Galesen daude.
Munduko kulturen jaialdian, Gannaten izan da Bitartean, Donostiako Gero Axular dantza taldearekin, eta orain, giran dabiltza Irlandan eta Galesen.
Irlandan, gaelikoaren aldeko komunitatean
Hil honen lehenengo bost egunak Irlandan pasa ditu taldeak, Dublinen eta Belfasten. Bertan hainbat kontzertu emateko aukera izan dute musikariek.
Bide batez, euskeraren eta gaelikoaren egoeren berri ezagutu eta ezagutzera emateko aukera izan dute. Izan ere, Conradh na Gaeilge elkarteak eskatuta eman dituzte kontzertuetako batzuk; gaelikoaren alde lan egiten duen elkartea da. Era berean, gaelikoz komunikatzen duen Raidió na Life irratian ere izan ziren, eta baita Irlandako irratirik garrantzitsuenean ere: RTE Radio Elkarrizketa entzuteko (00:25:13an hasten da)
Gales, iparraldetik hegoaldera
Giraren erdia egin du dagoeneko Bitartean taldeak, eta oraintxe Galesen daude, hegoaldean: Llanellin eta Cardiffen emango dituzte kontzertuak. Etzi, berriz, iparraldera egingo dute salto: Tywyn, Darowen, Glantwymyn eta Aberystwyth-era.
Kontzertuak bukatu ondoren, azken bi egunak Meinir Gwilyim kantautore galestarrarekin pasako dituzte. Lehengo urteko giran ezagutu zuten elkar, eta aurten, bere hurrengo diskoan kolaboratzeko eskatu die taldeko txalapartariei.
Kulturen arteko nahasketa nabari da lehenengo disko honetan. Eta horretan lanean jarraituko dute: Galesko kantari baten diskoan kolaboratuko dute.
‘Bidean’ diskoa salgai
Udan majo lanean ari dira Lara Mitxelena, Sebastian Ustarroz, Ixiar Jauregi eta Haritz Ezeiza. Baina urtean zehar ere gogotik egin dute, eta emaitza kalean dago: Bidean, lehenengo diskoa. 10 eurotan erosi daiteke Onddi, Kixkal, Garin, Rioja eta Kitto tabernetan eta Iparragirre sagardotegian.
«Ez dugu estilo itxi bat», azaldu zion Kronikari taldeak lehengo urtean egindako elkarrizketa batean, eta hala da. Ikutu euskalduna eta argentinarra duten kantu propioekin eta moldaketekin osatu dute lehenengo diskoa, txalaparta, akordeoia, gitarra, alboka, txistua, kajoi flamenkoa, panderoa edota txaramelak nahastuta. Hernanin eta inguruan «laster kontzertu batzuk emango» dituztela aurreratu dute, lana erakusteko.