Hernani eta Astigarraga lotzeko falta den bidegorri zatia egingo dute laster

Kronika - Erredakzioa 2014ko abu. 6a, 02:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri du prozesua Urnieta eta Donostia elkartzeko falta den bidegorri zatietako bat egiteko. Hain zuzen, Hernani eta Astigarraga elkartuko ditu 400 metroko zati berri honek. Urrian hasiko dira lanak.

Martxan jarri du lizitazioa Gipuzkoako Foru Aldundiak, Astigarraga eta Hernani ar­tean falta den bidegorri zatia eraikitzeko. Lanak urrian ha­siko dira, eta lau hilabeteko epean bukatzea aurreikusten dute. Beraz, 2015 urte ha­sierarako Hernani eta As­ti­garraga arteko bidegorria osa­tuta egongo da.
Era berean, Donostia eta Urnieta arteko bidegorria  behin betiko osatzeko gutxiago faltako da zati hau bukatuta. Martutene eta Loiola arteko zati batzuk egitea besterik ez da faltako.

Martindegitik Ergobiaraino, 400 metro
Hernani eta Astigarraga lotuko dituen zati honek 400 metro izango ditu luzeeran, eta 4,5 metro zabaleran, ia ibilbide osoan. Martindegi au­zoko bi errotonden ingu­ruan hasiko da zati berria, lehe­nagotik egina dagoen Herna­niko za­tiarekin lotuta; Aka­rregi bai­larakoarekin.
Astigarragarako norabide­an jarraituko du, Sansonategi baserrirako sarbidearen pare­tik, eta hain juxtu, Martin­degirako sarreran, bidegorria beste aldera pasako da, bertan dauden lau enpresen parera (Leiza S.L.; Mecarizti S.A.L.; Luko instalaciones y mon­tajes; eta Bureau Baterias y Renovables S.L.). Errepidearen alde horretara pasatzeko ze­brabide bat jarriko da, eta baita bidegorri berri hori da­goeneko egina dagoen zatia­rekin lotzeko ere, Ergobiarako bidean. Hain zuzen, Ergobian bukatuko da zati berri hau, Oialume errekaren parean, Astigarraga eta Hernani arteko mugatik gertu.

Lanek 4 hilabete iraungo dutela aurreikusten da; 2015 urte hasierarako bukatuta izango dira.
Sansonategirako sarrera eta Martindegirako oinezko pasabidea ere berritu egingo dituzte.

Konponketa lanak, Martindegirako eta Sansonategirako bidean
Bidegorria egiteko obrak egingo direla aprobetxatuta, bide batzuk konponduko dira.
Batetik, errotondatik Mar­tin­degi auzorako dagoen oi­nezko bidea berritu eta egokitu egin­go da.
Bestetik, Sansonategi ba­serrirako sarrera berrituko da. Bidegorria bertatik pasako denez, bi bideak bateragarri egingo dituzte, eta egokitu egingo dute ingurua, San­sonategirako sarrera hobe­tuz.

Astigarraga eta Hernani lotzeko azken fasea
Bi herriak lotzeko bide­go­rriaren azken fasea bukatuko da obra honekin. Dagoeneko eginak daude bidegorriaren lehenengo zatia (1-4 faseak), eta azkenekoa (7 fasea), eta oraingo lanekin 5 eta 6 faseak egingo dira.
Aurrekontua 790.675 eu­ro­koa da, eta lanek lau hila­bete iraungo dutela aurrei­kusten da. Beraz, lanak 2015 urte hasieran bukatuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!