Hernaniren historian barrena paseo bat eman nahi duenak, aukera ezin hobea dauka udan. Udaleko turismo sailak aukera zabala jarri du edonoren eskura: herria ezagutzera datozen turistentzat, edo jakinmin historikoa duten hernaniarrentzat.
Hiru plan jarri dituzte martxan. Batetik, Hirigune Historikoa ezagutzeko aukera eskaini du. Uztailean hasi eta abuztuaren bukaerara arte, martxan dira bisita gidatuak, monumentu historikoak ezagutzeko. Ezin dugu ahaztu, Hernaniko Hirigune Historikoa Monumentu Multzo izendatuta dagoela, kultura ondasun gisa.
Bisita gidatuak, gainera, doan izango dira. Hori bai, aurrez erreserbatu beharra dago, eta beharrezkoa izango da gutxienez bi pertsona apuntatzea, irteera egiteko.
Beste aukera, mendi irteera gidatuak
Hernani inguratzen duten paraje ederrak atsegin dituenak, beste bi aukera erakargarri ditu: bata, Santa Barbara mendira irteera, eta bestea, Larregain inguruko monumentu megalitikoetara. Irteera gidatuak dira biak, eta Hernaniko Ibilbide Sarean daude sartuta.
Santa Barbara aukeratzen duenak, 7 kilometroko ibilbidea egingo du, Laubidietako bidegurutzean hasita. Marraka ur-biltegiaren ondotik pasata, berehala iritsiko dira Santa Barbarako ermitara. Bertan ezagutuko dituzte ermitaren eta gotorlekuaren xehetasun guztiak, eta baita haien historia ere.
Ondoren, beherako bidea hartu eta, ferratokia eta Lasarte-Oriako kanposantua ikusiko dituzte. Hernanira bueltan, Koronelarri izeneko harria, Sorgintxuloko tunela eta karobia ezagutuko dituzte. Eta bi orduko ibilbidearen ondoren, irteera puntura itzuliko dira berriro.
Turismo informazio gunea zabalik dago Biteri aurrean, abuztuaren bukaerara arte: lanegunetan goiz eta arratsalde; jaiegunetan goizez.
Bi mendi irteera gidatu daude aukeran: Santa Barbara mendiaren inguruetara eta Larregaingo estazio megalitikoa ezagutzera; biak doan dira.
Larregain, ordubeteko ibilbidea estazio megalitikoan barrena
Larregain ibilbidea nahiago duenak, berriz, 3,7 kilometroko bidea topatuko du, ordubetean osatzeko modukoa. Larregain sagardotegiaren paretik abiatuko dira, eta bidean aurkituko dituzte trikuharri eta artamugarri zenbait: Igoin-Akola estazio megalitikoa. Ibilbidearen erdi partean, Saratzetako lepoa aurkituko dute aurrena, eta Akolako lepoa segidan.
Taldekako irteerak, 6 eta 20 lagun bitartekoak
Mendi irteera gidatuak ere, doan izango dira, baina beharrezkoa da irteera egin nahi duen talde bat osatzea. Gutxienez, 6 lagun apuntatu beharko dira, eta 20 lagun baino gehiago ezingo dira joan, irteera bakoitzean.
Turismo gunea zabalik, Biteri aurrean
Beste edozein plan duenak, eta Hernaniri buruz edozein zalantza duenak, aukera onena turismo informazio gunera jotzea du. Zabalik egongo da udan, Biteri kultur etxearen aurrean, abuztuaren bukaerara arte. Lanegunetan, goizez eta arratsaldez dago zabalik: 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Igande eta jaiegunetan, berriz, goizez egongo da irekita: 10:00etatik 14:00etara. Astelehenetan bakarrik dago itxita.
Bisita gidatuetara apuntatzeko, hiru aukera
Bisita gidatuetako edozein egin nahi duenak, hiru aukera dauzka erreserbak egiteko: turismoa@hernani.net helbidera idatzi, 943 33 70 28 telefonora deitu, edo zuzenean turismo informazio gunera jo, Biteri aurrera. Informazio gehiago ere, bide horietatik.