Festa nahi duenak, kexatzerik ez du izango, abuztuan behintzat. Jai-giroa sobera izango du, inguruan. Goizuetako festak hasi eta hilabetea bukatu arte, geldiezina izango da martxa: San Roke eguna, Santiomendiko festak, Portuko jaiak... Prestatu gorputza, abuztua festaz blai dator eta!
Goizuetak estreinatuko du jaien segida. Igande honetan bertan, Umeen eguna ospatuko dute. Denetik izango da, egun osoan zehar: Kalejira, pelota, zezenak, espuma festa, dantzaldia... Umeen bazkaria ere egingo dute. Horretarako, txartelak salgai daude Goizuetako estankoan eta harategian, 5 euroan.
Txupinazoa, ordea, abuztuak 14an izango da, eta 18ra arte, aspertzeko tarterik ez da izango, Goizuetako Ama Birjinetan: entzierroak, dantzaldiak, bakailo lehiaketa...
Goizuetan, Umeen eguna ospatuko dute igande honetan; txupinazoa hilaren 14an izango da.
Santiomendik eta Aranok hartuko dute txanda
Goizuetako festak bukatzera itxaron gabe, Santiomendin eta Aranon hartuko dute festaren erreleboa. San Roke eguna ospatuko dute, hilaren 16an. Santiomendin, hala ere, aurreko egunean hasiko dituzte jaiak: sagardo txapelketa, pintxo dastatzea, auzo bazkaria eta herri kirolak izango dituzte, besteak beste.
Portu eta Ergobiako jaiak, hilaren 22an hasita
Atseden hartzeko tartea, urri izango da orduan ere. Egun batzuk pasa, eta bertan izango dira Ergobiako eta Portuko jaiak. Abuztuaren 22an hasiko dira biak. Portun, hiru egunez izango dute festa, ekintza ugarirekin; Ergobian, berriz, lau egunez luzatuko dira jaiak, 25era bitarte.