Lau tokitan jarriko dituzte kirol-makinak, eta udaren ondoren egongo dira prest

Kronika - Erredakzioa 2014ko abu. 3a, 02:00

Atletismo pistan, Ave Maria parkean, Goiz Eguzkin eta Zikuñagan ezarriko dituzte adinekoek kirola egiteko makinak.
Udalak aurreikusten du, uda bukatzerako ekipamenduak bere lekuan egongo direla.

Parte hartze prozesua buka­tuta, erabaki dute non jarriko diren adinekoentzako kirol-makinak. Lau toki aukeratu dituzte: atletismo pista, Ave Maria parkea, Goiz Eguzki eta Zikuñaga. Udalak aurre­ikusten du, udaren ondoren jarrita egongo direla makina guztiak.
Ekipamendu horiek jartze­ko, 30.000 euro dauzka Uda­lak. Aurrekontu hori modu berdintsuan banatuko da lau guneen artean: Ave Marian eta Goiz Eguzkin jarriko diren maki­nentzat, aurrekontuaren %26,7 erabiliko da, bakoi­tze­an; eta atletismo pista eta Zi­ku­ñagako ekipamenduek, diru guztiaren %23,3 hartuko dute.

Kirol espazioen beharra
Joan den urtean, Udalak  kirol espazio gehiagoren beharra nabaritu zuen, eta partaidetza prozesu bat jarri zuen mar­txan. Helburua zen, herri­ta­rrek aditzera ematea zer ikus­ten zuten beharrezkoa jartzea, ariketa fisikoa egiteko.
Jasotako proposamenen artean, adinekoei kirola egi­teko makinak jar­tzea eskatzen zen. Eskaera horri heldu zion Uda­lak, eta parte hartze prozesu bat jarri zuen martxan, apirilean.

Partaidetza tailerrak antolatu zituen Udalak adinekoekin, Goiz Eguzkin, makinak non jarri eztabaidatu eta erabakitzeko

Aurreneko pausoa, ibilbide errepikatuenak ezagutzea
Lehendabizi, Hernaniko 200 mapa jarri zituzten herrita­rren esku, lau tokitan: kirol­de­gian, Biterin, Zaharren Egoi­tzan eta Goiz Eguzkin. Bertan, adinekoek markatu behar zituzten zein diren normalean egiten dituzten ibilbideak, eta bide batez, zein izan daitez­keen ekipamenduak jartzeko toki aproposenak.
Bildutako mapa guztiekin, Udalak laburpen plano bat egin zuen, zehaztuz zein diren ibilbide eta espazio errepi­ka­tuenak.

Bi partaidetza tailer, Goiz Eguzkin
Behin ezagututa adinekoek gehien bisitatzen dituzten lekuak,  partaidetzarako bi tailer antolatu zituen Udalak. Goiz Eguzkin egin ziren biak, apirilaren 8an eta 11n. Asmoa zen finkatzea nolako makinak jarriko ziren eta zein tokitan. Tailer bakoitzean, 20 bat lagun bildu ziren.
Aurrenekoan, finkatu ziren espazioek izan behar zituzten ezaugarri orokorrak: ibilbi­de­e­tan edo parkeetan, herri­gu­ne­an edo auzoetan, haur parkee­ta­tik gertu edo urrun, ekipa­menduen diskrezio-maila...

30.000 euroko aurrekontua dauka Udalak kirol-makinak jartzeko, eta modu berdintsuan banatuko dira lau kokalekuen artean

Toki zehatzak eta ekipamenduen maila
Bigarren bileran, berriz, makinak zein toki zehatzetan jarriko diren eztabaidatu zu­ten. Horretarako, talde txi­ki­tan bildu ziren, eta talde ba­koi­tzak leku batzuk proposatu zituen. Aukera guztiak en­tzun­da, guztien artean eztabaidatu eta adostu zuten ekipamen­duak non jarri.
Besterik ere erabaki zuten, bigarren tailerrean: ekipa­men­duak nolakoak izan behar ziren. Horrela, finkatu zuten zein tokitan jarriko ziren mai­la haundiagoko makinak: Ave Ma­ria parkean eta Goiz Eguz­kin. Horietan, aurre­kon­tuaren zati haundiagoa baliatuko da.

Arkitektoen ikuskapena, azken urratsa
Kokalekuak erabakita, uda­le­txeko arkitektoen esku geratu zen gaia. Ekainaren bukaeran, gune horietara joan ziren, zenbat toki dagoen eta tokia nola egokitu behar den ikus­teko. Egin behareko egokitza­pe­nen arabera, eta horien kos­tua kontuan hartuz, ikusiko dute, 30.000 euro horietatik, zenbat diru dagoen makinak erosteko. Horrela, jakingo dute zenbat makina jarri daitez­keen eta zein motatakoak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!