Dirulaguntzak emango dizkiete Buruntzaldeako Udalek, langabetuak kontratatzen dituzten enpresei. 2014ko aurrekontuan, 112.500 euro aurreikusi dituzte, eta Lanbidek finantzatuko du. Horretarako, beharrezkoa izango da lan-eskaintza aurkeztea, Lasarte-Oriako Lanbide bulegoan. Lanbidek proposaturiko hautagaien artean, bat aukeratu beharko du enpresak, dirulaguntza izateko.
6.000 euro arteko laguntzak
Laguntza ekonomikoak, zenbateko hauen araberakoak izango dira: 3.000 euro gehienez, 3 hilabeteko lanaldi osoko kontratuetan; eta 6.000 euro arte, 6 hilabete edo gehiagoko lanaldi osoko kontratuetan. Laguntzak %50ean haunditu daitezke, zenbait kasutan: lehen lana duten 35 urtez beherakoak, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak...
Eskaerak aurkezteko epea, 2015eko maiatzaren 31 arte izango da, Andoaingo Udalaren enplegu erregistroan. Laguntzak aurrekontua bukatu arte emango dira, eskaeren ordenean, betiere behar bezala egin badira. Argibide gehiago, Udalen web orrietan.