San Inazio eguna, egun haundia da Santa Barbaran. Herritar askok hartuko dute gorantzako bidea gaur. Tontorrean, festa izango dute zain: bertsolariak, bazkaria, jokoak... Eta noski, herri kirolak. Urtero bezela, ikuskizun ederra eskainiko dute, bi taldetan banatuta. «Lehia ziurtatuta dago», azaldu digu Jon Larrañagak.
«Asko egin beharko dute, irabazi nahi badute»
Urte asko daramazki Larrak, Santa Barbaran lehiatzen, eta San Inazio eguneko beste beterano bat izango du lagun, Imanol Paolla. Aizkoran ariko dira biak, eta Axel Larrañaga lokotxak biltzen. Kontrarioak, beste hiru mutil sendo: Aitor Barrenetxea eta Iñaki Ibarguren aizkoran, eta Garikoitz Arizmendi lokotxetan.
Lehia berotzen aritu dira aurreko egunetan, elkarri zirikatzen: «Aitorrek kanpotik ekarri du bikotea aurten, Ibarguren oiartzuarra, eta esan eta esan ari zaigu, aizkoran asko egin beharko dugula; baina beraiek ere, gogotik egin beharko dute lan, irabazi nahi badute».
Aurrena, aizkoran ariko dira, eta hiru kanaerdiko moztuko dituzte txanda librean. Segidan, gazteek lokotxak bildu, eta aizkolariak ariko dira berriz, beste hiruna kanaerdiko mozten. Proba bukatzeko, plazari hiru buelta eman beharko dizkio taldekide bakoitzak, korrika.
«Gertukoa eta maila apalekoa, morboa sortzeko»
Norgehiagoka berdindua espero du Larrañagak. Baina, ikuskizuna borobila izan dadin, publikoaren laguntza behar dute: «parte hartzaileak gertukoak eta maila apalekoak izateak, morboa sortzen du herritarrengan». Guztien artean, festa-giro ederra jarriko dute.
10:00, Trikitilariak
11:30, Bertsolariak: Arnaitz Lasarte, Oier Iurramendi, Antton Garin eta Iñaki Zelaia
12:00, Meza bertako ermitan
13:00, Herri kirolak, bi taldetan:
-Jon Larrañaga, Imanol Paolla eta Axel Larrañaga
-Aitor Barrenetxea, Iñaki Ibarguren eta Garikoitz Arizmendi
14:00, Herri bazkaria: marmitakoa, txuleta... Txartelak 25 euroan, Aralarren eta Kitton
16:30, Lagunarteko Toka Txapelketa
16:30, Haur jokoak eta txokolatada
17:30, Erromeria
19:00, Herrira jaitsiera