Gordeketan nekez bilatu liteke horrelako maixurik. Hernanin muskarra edo muzkarra esaten zaio, euskera batuan musker berdea, eta izen zientifikoa Lacerta bilineata. Hernaniko auzo guztietan da ezaguna, belardi eta baso arteko mugak gustoko ditu, baina hortxe egonagatik, nekez ikusiko du begiak erne ez dituenak, belarraren koloreko azala dela eta.
Izua izanagatik, eta alde egiteko joera izanagatik, beldurra diote askok, eta hainbat istorio zabalduak daude Hernanin ere, beste hainbat herritan bezala. Belarri zaleak omen, askorentzat: «Belarrira saltatze omen da eta 14 herritako kanpanak jo behar omen dute hori ateratzeko» dio ereñotzuar batek, eta beste batek: «Latxeko errebueltan petrillan gainian egoten zan, atsaldetan. Belarrira saltatzen omen zala entzun nun, eta orduzkero beldurrez pasatzen nintzan».
Hortzak ere okerrak izaki, badira zakur tentalariari heldutakoak, eta ez omen du errez uzten behin helduz gero: «Muskarran koxka subiana baño txarragua zala esaten ziguten txikitan» diote Jauregi aldean; eta berdin Oriamendin: «Muskarrak koska egiten badik eztik soltatzen, eta zazpi herritako kanpaiak jo behar dizkitek», ereñotzuar batek ere tankerakoa dio: «Hortzak presa egiten die (hortzak trabatuta). Ta libratzeko 40 elizetan kanpanak jo behar omen dituzte».
Datorren urtean beteko dira 100 urte, Boulengerrek Hernaniko muskarra protagonista zuen monografikoa egin zuela...
Ba al zenekien?
1913an, Edouard Britten izeneko gazte britainiar bat Hernanitik pasa zen. Hernanin zegoela, musker berde bat harrapatu zuen eta afizionatua zenez, British museum-era bidali zuen. Brittish Museumean, Hernanin gazte ingelesak afizioz harturiko muskerra, Europako herpetologiaren aita izan den George Albert Boulenger zientzialari ezagunaren eskuetara iritsi zen.
Boulengerrentzat Hernaniko muskarra ez zen edozein muskar eta historian egin den muskarrei buruzko monografiarik hoberenaren protagonistetako bat bilakatu zuen Hernaniko muskerra. Boulengerren lanean Hernaniko muskerra, Lacerta bilineata espeziearen eredutzat jartzen du eta Hernani herria behin eta berriz aipatzen du. Datorren urtean beteko dira 100 urte, Boulengerrek lan hori egin zuela.
Berdea, baina ez erabat
Lehenengo begi bistarako berdea da, berde-berdea. Baina ondo begiratuta, bestelako koloreak ere baditu: sabelaldea horia, lepo urdina, eta gorputz guztian mota beltzak, emeek kasuan baita mantxa beltzak ere, eta marra zuri pare bat ere bai. Jantzi ezin hobea, hain gustoko dituen baratze izkina, sastrakadi, txilardi, otadi edo bide bazterreko ezpondetan gordetzeko.
Negua lo pasatzen du eta martxotik urrira ikusiko du hartarako begiak dauzkanak. Bitarte horretan, baratza daukanaren lagungarri, era guztietako zomorro eta intsektuak jango dizkio, otordu bariatu xamarra izaki, moko-fin honek: gazte garaian saltaperikoak, armiarma eta hemipteroak jaten dituzte, helduek baita kakalardo-jendea ere. Eta ez hori bakarrik, ugaztun txiki eta fruituak ere jaten dituzte, gehienbat rosaceae familiakoak. Normala izan ez arren, gau zalea den sube leuna (sube txiki bat) ere jan dezakete, eta aldian behin kanibalismo kasuak ikusi dira.
FITXAK
1. Rana temporaria - Ingela gorriya / ingela lehorrekua
2. Lissotriton helveticus: Lauhankekua / arrobiyua
3. Bufo spinosus: Zapua
4. Zootoca vivipara: Suangilla
5. Vipera seoanei: Sube gorriya
6. Zamenis longissimus: Sube beltza / sube nabarra
7. Triturus marmoratus
8. Podarcis muralis vs. pod. liolepis: Suangillak
9. Lacerta bilineata: Muskarra / Muzkarra
10. Natrix maura vs. Natrix natrix: Ur subia vs. Sube berdia / sube urdina eta sube lepotxuriya
11. Anguis fragilis: Ziraba / zirauna
12. Pelophylax perezi: Ingela berdia / ingela urekua / iela
13. Salamandra salamandra: Arrobiyua / mendi-arrobiya
14. Alytes obstetricans: Zapo ttikiya