Txapelketari heltzeko prest dago Endika Barrenetxea. Bihar hasiko du lehia, 16:00etan Galarretan. Buruz buruko torneoaren azken prebia jokatuko du, Etxabe IIren aurka. Irabazita, berea izango du final zortzirenetako azkeneko txartela.
Aurreko urteetan baino sendoago ikusten da hernaniarra: «maila hartu dut, eta onenetatik gertuago nago orain». Aurreko bi edizioetan, prebian kanporatu zuten, Matxin III eta Endikak. Aurten, ordea, aukera gehiago ikusten ditu: «jokatzeko gogoz nago, otsailetik prestatu dut txapelketa».
Sakea eta indarra, alde
Etxaberen aurka, Barrenetxeak bere alde dauka indarra, eta baita sakea ere: «ondo moldatzen naiz sakatzen, eta tantoaren zati haundi bat da hori». Gainera, kantxan «bizi» mugitzen da hernaniarra, eta teknikan asko hobetu du.
Hala ere, badaki partidu zaila izango duela: «aurrelari baten kontra beti da zailagoa, eta Etxabek ezustekoa eman zuen orain bi urte; buruz buru artista da». Zailtasunak zailtasun, konfiantza du Barrenetxeak: «neure maila emanda, aukera asko dauzkat».
«Helburua, onena ematea»
Torneoa partiduz partidu hartuko du, helbururik jarri gabe: «neure onena ematea, besterik ez». Denetan gazteena da, baina badu esperientziarik, gero eta lasaiago egoten da: «eta horrek asko laguntzen du». Pixkanaka, onenen artean «finkatzen» ari dela uste du. Erakusteko aurreneko aukera, gaur.