Landaren hasiko du aurtengo denboraldia Hernanik. Santboiana izango du arerio, aurreneko partiduan, irailaren 14an. Atzo zozketatu zen 2014-2015 denboraldiko egutegi osoa. Maiatzaren 3an jokatuko da azkeneko jardunaldia.
Iaz ere, Ligaren hasieran hartu zuen Hernanik Santboiana, Landaren. Eta orduan, gauzak ezin hobeto joan ziren: kataluniarrak faborito zirela, 29-23 nagusitu ziren herrikoak. Balentria errepikatu nahiko dute aurten.
Bigarrena, Cisnerosen zelaian
Etxetik kanpo izango du bigarren jardunaldia Hernanik. Cisnerosen zelaian ariko dira, irailaren 21ean, eta Madriden kontra lehiatzeko itzuliko dira, hurrengo astean.
Ordiziaren kontra, azaroaren 30ean
Ligako 10garren jardunaldian izango da Ordiziaren kontrako derbia, Landaren. Azaroaren 30ean izango da. Bueltako partidua, berriz, apirilaren 26an jokatuko dute Ordizian. Ligako azkenaurreko partidua izango da. Denboraldia bukatzeko, Bartzelonaren kontra jokatuko dute, Landaren.