Festa, musika, giro ederra... eta eguzkia ere izango da bihar Santa Barbaran, San Inazio eguna ospatzeko. Ekintza ugari antolatu ditu Morkaiko taldeak, egun osorako, eta eguraldia lagun, jai polita izango da tontorrean.
Goizetik, trikitilariek animatuko dute Santa Barbara, igotzen diren herritar guztiei ongietorria eginez. Ondoren, bertsolariek jarriko dute umorea plazan. Hamabietako mezari egingo diote tartea, eta jarraian, herri kirolen lehia polita izango da: bi taldetan banatuta, nor baino nor gehiago ariko dira, aizkoran, lokotxetan eta korrika.
Ikuskizunari, bazkari goxoak hartuko dio txanda: marmitakoa, txuleta... Bazkarirako txartelak 25 euroan daude, Aralar eta Kitto tabernetan.
Jokoak, txokolatea eta erromeria, arratsaldean
Bazkalostean, lagunarteko toka txapelketa jokatuko da, eta haurrek jokoak izango dituzte, dibertitzeko, eta txokolatada gozatzeko. Erromeriak jarriko ditu denak dantzan, eta erritmoa galdu gabe, elkarrekin jaitsiko dira herrira.