Ez du lan erraza izango Javier Urrizak, aurreko bi urteetan lortutako txapela defendatzen. Denek jantzi nahi dute buruz buruko txapela, eta gogorra izango da aurtengo Kutxabank torneoa, 32garren edizioa. Erremontisten mailagatik, eta formatu aldaketagatik: ligaxkaren ordez, kanporaketa bidez jokatuko dira fase guztiak. Behin kale egin, eta ez da atzera bueltarik izango.
10 erremontista ariko dira txapelketan. Baina horietako batek, prebian esan beharko dio agur: Barrenetxea IV hernaniarrak eta Etxabe IIk, bihar dute aukera, 16:00etan Galarretan, final zortzirenetako azken txartela lortzeko.
Dena jokoan, partidu batean
Biharko irabazlearekin osatuko da txapelketako koadroa, eta abuztuaren 2an hasiko dira final zortzirenak: Zeberio/Endika, Etxeberria IV/Ion, Uterga / biharko irabazlea. Partidu bakarrera jokatuko dute dena, eta hiruk egingo dute aurrera.
Final laurdenetan, Koteto Ezkurra batuko zaie, 11 aldiz txapeldun izandakoa. Bi partidu izango dira, eta irabazleek, iazko finalistak hartuko dituzte, semifinaletan: San Miguel eta Urriza.
Zortzi partidu, ostegun eta larunbatetan
Final zortzirenetan hasita, zortzi partidu izango ditu txapelketak. Ostegun eta larunbatetan jokatuko dira denak, 16:00etatik aurrera. Eszenatokia, noski, Galarreta frontoia izango da.
Jose Mari Barrenetxeak, Jon Juaristiren baja azpimarratu zuen: «ez zegoen egoera onenean, eta ez jokatzea erabaki du». Horrek, «aldaketak» egitera behartu ditu antolatzaileak.
Nobedadeen artean, formatu aldaketa nabarmendu zuen Barrenetxeak, eta baita materiala ere: «partiduko, sei pelota izango dituzte, hiru mota ezberdinetakoak».
Hiru txapeldun, eta hainbat txapeldungai
Torneo gogorra izango da buruz burukoa. Txapeldun izandako hiru elkartuko dira: Urriza, Ezkurra eta Zeberio II. Palmaresari beste txapela bat gehitu nahiko diote, baina gogotik egin beharko dute lan. San Miguelek, bitan ihes egin dion torneoa irabazi nahiko du, eta gainerakoak ere indartsu datoz, gauzak zail jartzeko prest. Lehia eta berdintasuna, behintzat, ziurtatuta daude.
TXAPELKETAKO PARTIDUAK
Prebia
Barrenetxea IV - Etxabe II (bihar)
Final zortzirenak
Zeberio II - Endika (abuztuak 2)
Etxeberria IV - Ion (abuztuak 9)
Uterga - biharko irabazlea (abuztuak 14)
Final laurdenak
Abuztuak 2ko irabazlea - abuztuak 9ko irabazlea (abuztuak 16)
Ezkurra - abuztuak 14ko irabazlea (abuztuak 21)
Semifinalak
San Miguel - abuztuak 16ko irabazlea (abuztuak 23)
Urriza - abuztuak 21eko irabazlea (abuztuak 30)
Finala (irailak 6)
Semifinaletako irabazleak
Partidu guztiak Galarretan (16:00)