Plenoa izan zen aurreko asteazkenean eta besteak beste, Udalak Astigarraga Lantzen Elkarte Anonimoari emandako aurrekin poliza berritzea onartu zen. Beste hiru urtez luzatzea erabaki zen. Andoni Gartzia alkateak azaldu zuen, Astigarraga Lantzen bere garaian EA eta EAJ-PNV alderdiek sortutako elkartea izan zela eta hainbat urtetan galerak pilatu zituela. «Udalak erreskatatu zuen orain hiru urte. 579.686,19 eurokoa izan zen erreskatea eta hiru urtetan bueltatzeko asmoarekin egin zen. Orain, ikusi da, hiru urtetan ezin izan dela diru hori bueltatu eta poliza hori beste hiru urtetara luzatzea proposatzen dugu».
Gobernu Taldeak eta EAJ-PNVk alde bozkatu zuten; H1!ek, kontra. Bixente Arrizabalaga H1!eko bozeramaileak azaldu zuen hiru urtetan ez dela ezer egin elkartearekin eta ez dutela ulertzen beste hiru urtez zertarako luzatu behar den. «Ez da bideragarritasun ekonomikoaren planik egin diru hori nola itzuli zehazteko, ez dakigu Gobernu Talde honek ze asmo duen Zarkumendegiko lurretan. Ez dugu ulertzen zergatik ez dagoen aktibitaterik. Horretarako hobe da elkartea likidatu». Alkateak erantzun zion gutxienez, urte hauetan ez dutela galerarik sortu, gaur egun egoera hobea dela, eta likidatzea ez dela komeni Udalari diru galera suposatuko liokeelako, BEZa tarteko.
Garbitaniako, 22 partizipazio
Garbitania enpresaren barruan, Astigarragak Hernanirenak ziren 22 partizipazio erostea ere onartu zen. «Modu honetan, edozein desadostasun edo arazoren aurrean, Astigarragak bere indarra izango luke zerbait atzera botatzeko edo gelditzeko», azaldu zuen alkateak. Gobernu Taldearen aldeko botoekin onartu zen. EAJ-PNVk eta H1!ek kontra bozkatu zuten. Zorione Etxezarraga EAJko bozeramaileak azaldu zuen, Garbitania enpresaren beharrik ez dutela sekula ikusi eta kontra zeudela. H1!ek nabarmendu zuen, «atez atekoaren inposaketaren ondorengo bezala» sortu zela enpresa hori eta kontra daudela sistemaren eta berarekin lotutako guztiarekin.
Kreditu aldaketak
Udalean izandako kredituen arteko transferentzia batzuen berri ere eman zuten, hau da, gastu batzuk murriztu dituzte, beste batzuk finantziatu ahal izateko, eta horiek onartu zituzten, Gobernu Taldea eta EAJ-PNVren aldeko botoekin eta H1!en abstentzioarekin. EAJk azaldu zuen, garrantzitsua ikusten duela Ikastolako aterpea egitea eta merkataritza bultzatzeko partida izatea. H1!ek bere abestentzioaren arrazoia azaldu zuen: «Dirua funtzionario baten postutik kendu da, idazkariaren postutik. Aurten ere ez da postu hori aterako eta hiru urte pasako dira. Zeinen zain zaudete?». Alkateak erantzun zion martxan dagoela prozesua eta irailean aterako dela postu hori betetzeko deialdia.
Kreditu gehigarria ere onartu zuten. Honen arabera, diru gehiago bideratu beharko da zenbait arlotara. Gobernu taldeak eta EAJk alde bozkatu zuten eta H1! abstenitu egin zen. Puntu horiez gain, ekainaren 26ko akta onartu zen eta baita 2013ko Kontu Orokorrak ere.
.eus domeinua
EAJ-PNV alderditik, Zorione Etxezarraga bozeramaileak .eus domeinuaren aipamena egin zuen. Udalak .eus domeinuaren alde egin dezan eskatu zion alkateari. Zentzu horretan, mozio bat aurkeztu dute. Alkateak erantzun zion domeinua jartzeko eskaera bideratuta dagoela eta irailaren 16tik aurrera izango dela berri gehiago. «Kasu horretan, informazioa eman behar zenigutela uste dugu eta ez dugula oposiziotik galdezka ibili behar», erantzun zuen Etxezarragak.